Herakles, leontea besoan duela - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles, leontea besoan duela – 82/904

Anonimoa, III. mendea, K.a.

Brontzea

7,08 x 3,90 x 1,90 cm

82/904

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik. Oso kontserbazio egoera kaskarrean dago, eta soilik funtsezko formak aztertzeko parada eskaintzen digu. Bereizita ditu bi zangoak, apur bat tolestuta, pixka bat aurreratuago eskuinekoa. Ez dira muskulaturaren ñabardurak antzematen. Ezkerreko eskua aldakan du jarrita, eta leontea behar duen zapi antzeko bati eusten dio, leontearen isatsaren aztarnak nabari baitira ezkerreko sorbaldaren gainean; hortaz, aurreko irudiaren antzera jarrita izango luke, baina saihetsari itsatsi gabe, gorputzetik bereizita. Eskuineko besoa kanporantz zabalduta du. Ile harroak estaltzen dio burua, eta aurpegian ahoa oso irekita duela ematen du.

Jarrerari dagokionez, antz handia du aurrekoarekin, baina ezer gutxi aurreratu dezakegu alearen estiloaren inguruan. Baliteke besoak eta zangoak desitxuratuta egotea pieza luzaroan egon delako suaren ondoan, goritasun horrek eragingo zuen irudiaren azal osoa horren hondatuta egotea.

Eskuineko besoa jatorrian horizontalean luzatuta egon balitz, agian Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean dagoen irudi (2.927. Inb. zk.) baten gisara eutsiko zion gopor bati, irudi horrek ere gopor bat baitarama eskuineko eskuan eta makila bat ezkerreko sorbaldan; nolanahi ere den, estilo landuagoan egina da pieza hori. Salamancako markesaren bildumatik iritsia da, eta oso litekeena da jatorriz italiarra izatea. Makila sorbaldan jarrita duen eredu hori, hainbat katalogotan ongi dokumentatua, gure bildumako aleen aspaldiko aurrekaria izan liteke, gure bildumako aleetan Heraklesek leontea baitu besapean, baina ez makilarik, italiar piezetan ohikoa den sinplifikatzeko joerari jarraiki modelatu lanak errazteko. Nolanahi ere den, tarteko beste urrats batzuk argitu beharko dira prototipoa transmititzeko modua berresteko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 286-288, n° 49.