Gran / Quincena / Motorista / Internacional / en Bilbao / 14-31 Agosto 1932 / Peña Motorista Vizcaya - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gran / Quincena / Motorista / Internacional / en Bilbao / 14-31 Agosto 1932 / Peña Motorista Vizcaya

Lasheras Madinabeitia, Luis

Bilbao, 23/02/1896 - Bilbao, 10/09/1948

Koloretako litografia paperean

100,7 x 71,1 cm

LASHERAS-MADINABEITIA

1932

95/60

1995ean eskuratua

Bilboko Motorzaleen Nazioarteko Hamabostaldi Handia, Bizkaiko Motorzaleen Taldeak antolatu zuena, 1932ko abuztuaren 14 eta 31 bitartean egin zen, eta Bilboko Udalaren, Bizkaiko Aldundi Probintzialaren eta Turismoko Patronatu Nazionalaren laguntza izan zuen. Hamabost egunez askotariko programa eraman zuten aurrera, eta honako lehiaketa hauek egin ziren, besteak beste: Espainiako Lehen Tourist Trophy, Espainiako Motoziklismo txapelketa eta Motoziklisten Nazioarteko III. Lasterketa Kristoren Aldapan. Gainera, beste ekitaldi batzuk ere egin ziren motoziklismoaren mundutik kanpo, esate baterako, Espainiako Outboard Txapelketa Estropada eta Nazioarteko Outboard Txapelketa, biak ere Nerbio itsasadarrean. Era berean, hamabostaldi handiko programazioaren barnean, Motorraren, osagaien eta irratiaren erakusketaren lehen edizioa egin zen, Bilboko Industria eta Merkataritza Erakusketen eta geroagoko Erakustazokaren ernamuina, hain zuzen ere.

1932ko maiatzean, Bizkaiko Motorzaleen Taldeak lehiaketa antolatu zuen Bilboko Motorzaleen Nazioarteko Hamabostaldi Handia iragartzeko kartela egiteko. Ekainaren erdialdean eman zen argitara lehiaketaren erabakia, eta José María de Asúa Pisarrín marrazkilari bilbotarrak aurkeztutako zirriborroari eman zioten lehen saria, 600 pezetakoa. Bigarren saria, berriz, Luis Lasheras Madinabeitiaren proposamenak eraman zuen eta hartatik dator litografia hau. Alde nabarmenak daude bi obren artean, baina inolako zalantzarik gabe, nabarmenena da sortzaileek aukeratutako ikuspuntua. Lehiaketa irabazi zuen kartelak pilotuaren begirada jaso nahi duen bitartean, Lasheras Madinabeitiarenak ikusleak duen ikuspegia azaldu nahi du, eta faktore horren ondorioz, mintzairan ageriko aldeak egon arren, elkarren osagarri dira bi kartelak. Segur aski horrexegatik erabakiko zuen Bizkaiko Motorzaleen Taldeak, bi proposamenen kalitateaz eta originaltasunaz gainera, kirol ekitaldi hori iragartzeko bi kartelak erabiltzea.

Motorzaleen Hamabostaldi Handia nazioarteko izaerarekin sortu zen hasiera-hasieratik, garai hartako Espainiako txapelketetan hori ez bazen ohiko ezaugarria ere. Segur aski, argitaratu ziren bi karteletatik nazioartekoena Luis Lasheras Madinabeitiaren kartela dela esan beharko genuke, erabilitako mintzairagatik ez ezik, egiten duen planteamendua unibertsala izateagatik ere. Izan ere, Pisarrínen proposamenaren aurrean, hartan ematen du Basurto-Kastrexana zirkuituaren zatia dirudienarekin, eta albo batean, Bilboko Miserikordia Etxearen presentziarekin irudikatzen dela tokikoa, Lasheras Madinabeitiak lehiaketaren funtsezko elementuak bakarrik azaltzen ditu. Halatan, makina eta pilotua dira kartel honetako protagonista bakarrak, eta gainera, ia antzematen ez den erreferentzia egiten die outboard estropadei, motorraren gurpilaren azpitik ateratzen den karelez kanpoko txalupa txikiaren irudiarekin.

Mugimendua, abiadura handiaren sentsazioa, eta makinaren presentzia zirraragarria dira Luis Lasheras Madinabeitiaren kartelaren osagaiak, futurismoaren oinarrizko hatsapenekin lotzen direnak. Izan ere, bitxia da egiaztatzea haren proposamenak badituela antzekotasun batzuk hogeigarren eta hogeita hamargarren urteetan Aldo Mazza (1880-1964), Federico Seneca (1891-1976) edo Lucio Venna (1897-1974) italiarrek egin zituzten beste batzuekin. Bestalde, kartel horrek lotura berezia du Ernst Ruprecht-ek (1891-1954) 1931ko Suitzako Sari Handia iragartzeko egin zuenarekin; hartan, pilotuaren eta makinaren formak ez dira hain irmoak eta lausotu egiten dira biek atzean uzten duten lorratzarekin. Esparru hurbilago batean, Josep Segrelles-ek ere (1885-1969) antzeko baliabideak erabili zituen, baina oso teknika desberdinarekin, Kataluniako Real Motoclub elkarteak 1930. urtean antolatutako Motorzaleen Espainiako Txapelketarako egin zuen kartelean.

Hedapen handia izan zuten Bilboko 1932ko Motorzaleen Nazioarteko Hamabostaldi Handia iragarri zuten kartelek. Tokiko hainbat egunkaritan eta nazio mailako batzuetan agertu zen haien irudia, eta barra-barra banatu ziren dendetan eta establezimenduetan Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo. Halaz ere, Pisarrínek egindako kartel irabazlearen inguruan orain arte aurkitutako erreferentzia bakarrak prentsa historikoan argitaratutako argazkiak eta artikuluak dira. Paradoxikoki, gure egunetara iritsi den kartela Luis Lasheras Madinabeitiak bere sormen garai oparoenetako baten egindako hau da. Garai hartan, hogeita hamargarren hamarkadan, publizitate iragarki eta kartel interesgarriak egin zituen, 1930. urtean Bilboko eta Portugaleteko jaietarako egin zuena, esate baterako, edo Bilboko Traineru Estropada Handietarako eta Bilboko Industria eta Merkataritza Erakusketarako egin zituenak, 1935. urtean biak. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Pérez Rojas, Francisco Javier. La ciudad placentera : de la verbena al cabaret [Cat. exp.]. València, Generalitat Valenciana, 2003. p. 186.
  • A cidade pracenteira : da verbena ao cabaré [Cat. exp.]. A Coruña, Museo de Belas Artes, 2006.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 228-229, n° cat. 68.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 20.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 233, 234, n° cat. 111.