Gasógenos ... / Cogegas / Industria de Interés Nacional ... - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gasógenos … / Cogegas / Industria de Interés Nacional …

Anonimoa

Koloretako litografia paperean

69,5 x 48,2 cm

1941

XX. mendearen bigarren laurdena

82/1993

1981ean eskuratua

"Cogegas" Compañía General de Gasógenos konpainiak 1941eko martxoaren 31n jaso zuen Nazio Intereseko Industria izendapena. Donostiako Erronda kaleko 7. zenbakian egokitua, berrogeigarren urteetan jardun zuen enpresa horrek, enpresako ingeniari teknikariak berak asmatutako belgikar patenteko gasogeno mota bat fabrikatzen zuen. Barne errekuntzako motorretan gasolinaren ordez antrazita eta landare ikatza erretzetik eratorritako gasak erabiltzeko xedearekin merkaturatu zuten asmakuntza hau. Horretarako galdara handi bat behar zen --gasogenoa--, ibilgailuari egokitu behar zitzaion eta horrek oso aldatzen zuen dena delako ibilgailuaren fisonomia.

Planteamendu berezi bat dute abiapuntu Cogegasen publizitate afixek, hein batean bada ere bazterrera uzten baititu adierazpide horri esleitu ohi zaizkion funtzioetako batzuk. Izan ere, informazioa bigarren mailako zerbait dela ematen du, areago kontuan badugu afixa honek eta Espainiak gasogeno onena fabrikatzen du izenburukoak (82/1905 inbentario zk.) ez diotela iragartzen duten produktuari aipamen ikonografiko bat bera ere egiten. Hortaz, soilik testuaren bidez jasotzen dugu informazioa, eta elementu limurtzaile bihurtzen da ikonografia, beste balio batzuk azpimarratzen ditu azken horrek, esate baterako modernotasuna eta abertzaletasuna. Hala eta guztiz ere, enpresa honen publizitatea nabarmendu egiten da oso baliabide ezberdinak erabili zituelako, betiere ingurunearen arabera. Afixa horietako hizkuntzan produktua garbi zehaztuta ageri ez bada ere, garaiko prentsan eta aldizkarietan argitaratutako iragarkiek sintaxi zehatza eta zuzena erakusten dute nola testuaren ikuspegitik hala ikonografiarenetik. Haietan guztietan antzematen da produktuaren forma, eta azalpen testuen bidez ematen dira haren ezaugarrien berri.

Bestalde, afixa honen edukiaren eta produktuaren funtzioaren edo erabileren arteko bat etortze ezak agerian uzten du gisa horretan, funtsean, marka bat iragarri nahi izan zela. Baina bat ez etortze horrek ez du zertan mezu jakin bat ezkutatu. Horrenbestez, hegazkinean sinbolizatuta ageri da produktuaren ustezko modernotasuna; hegazkinak enpresaren izena idazten du zeruan akrobazia bat eginez. Era berean, gerra osteko aurreneko urteetako publizitatean horren kartsuki sustatu zuten sentimendu nazionala Dornier 17 bat dirudienaren isatsean pintatutako espainiar banderan dago islatuta. Lotura sinboliko horiek aurreko adibide batzuetan gauzatu ziren, esate baterako Federico Ribasek (1890-1952) 1917an Heno de Praviarentzat egin zuen iragarkian, edo Julios Ferrer Samak 1939. urtean Anís la Castellanarentzat marraztu zuenean. Hala eta guztiz ere, adibide horiek ez dira esanguratsuak erakargarri gisa hegazkina erabiliz arloko ekitaldiak eta enpresak iragartzen dituzten afixa ugariekin alderatuta.

XX. mende hasieratik lotura handia izan zuen Donostiako hiriak hegazkingintzarekin. Horren lekuko dira 1910ean fundatutako Donostiako Real Aero Club elkartea eta hiri horretan aldiro-aldiro izaten ziren erakustaldiak eta txapelketak. Gainera, horretarako espazio egokirik egon gabe eramaten zituzten burura horrelakoak, horregatik sustatu zuen hiriko udalak 1919an Lasarteko aerodromoaren eraikuntza. Hain zuzen ere gertutasun horrek azaldu dezake, hein batean azaldu ere, hegazkinaren presentzia, sortzen duen kearekin berarekin iragarkiaren egile bihurtzen dena. Aldi berean, hegazkin horiek publizitatearen eta propagandaren zerbitzurako tresna gisa duten etorkizun handia iradokitzen digu afixak; kontu hori, baina, urrutirago eraman zuten ondorengo hamarraldietan, halakoak ikusten baitziren 1939ko Garaipen Eguneko desfilea bezalako ekitaldietan.

Artikulu batzuetatik eta garaiko publizitatetik ondorioztatzen den bezala, aski enpresa sendoa izan zen Compañía General de Gasógenos, banatzaile asko izan zituen nazio mailan. Hala eta guztiz ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, pixkana-pixkana Europa lasaitu egin zen heinean, gasolinak gero eta garrantzi txikiagoa izan zuen. Ondorioz, arian-arian desagertu egin ziren gasogenoak egiten zituzten fabrikak, prozesu hori 1953an amaitu zen Gasogeno ekoizleen Batzarra desegin zenean. Nolanahi ere den, haren arrastoa garaiko prentsan argitaratutako iragarki askotan eta afixetan geratu zen betikoz, esate baterako, berriaren erakarria horren modu berezian islatu zuen afixa honetan.

Espainiako Gerra Zibila amaitu ondoren, urritasuna izan zen nagusi gerra osteko aurreneko urteetan. Errazionamendua oinarrizko artikuluei ez ezik erregaiak bezalako eguneroko gaiei ere aplikatu zitzaien. Ondorioz, beste energia batzuen erabilera sustatu zuten, eta gasogenoak fabrikatzeko enpresa asko eta asko sortu ziren; gainera, hainbat legek babestu eta bultzatu zuten jarduera hori. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • "Carteles en el Museo de Bellas Artes de Bilbao", Guía de Exposiciones, n° 86. 1987. n° cat. 31.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 198-199, n° cat. 54.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 28.