"Felipe II.aren aulkia" lanerako zirriborroa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

“Felipe II.aren aulkia” lanerako zirriborroa

Álvarez Catalá, Luis

Madril, 1836/01/22-Madril, 1901/10/04

Olioa mihisean

25 x 52 cm

c. 1886-1889

69/4

Laureano de Jado jaunaren dohaintza 1914an

Luis Álvarez Catalák margolan handinahi batekin, Felipe II.aren jarlekua, Escorialen, eman zion amaiera Erroman eman zuen hogei urte luzeko epeari, gaur egun ez dakigu obra hori non dagoen. 1889. urtean 385 x 549 cm-ko oihal handian margotua, beste bederatzi obrarekin batean aurkeztu zuten Madrilgo 1890. urteko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean, 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalean urrezko dominarekin saritua gertatu eta gero. Madrilen sorta handi hori aurkeztu izanak, tartean ordurako bilduma partikularren esku zeuden obra batzuk, zentzu guztia izan zuen herri osoak artista hau omentzeko aukera izan zezan; izan ere, erakusketa honi buruzko argitalpenean Augusto Comasek azaldu bezala, Espainiako izarra da, Espainian bizitzeko aukerarik izan ez badu ere.

Horrenbestez, Errege Zuhurra irudikatzen du behin betiko ehunak, gertuko arroka batzuetatik, geroago Felipe II.aren jarlekua izenaz ezagunagoak izango zirenetatik (harpetako aspaldiko santutegia izandakoa), jarraitzen ditu mendeen joanean ospe handiena emango zioten arte enpresaren eraikuntza lanak. Egilearentzat garrantzi handikoa bazen ere, margolanak prentsan ez zuen guztien goraipamena jaso. Beruetek itxurakeriarik gabeko konposizio bakunaren balioa ulertu bazuen ere, eta beste batzuek, esate baterako lehen aipatutako Comas eta Picón bezalakoek, obraren izaera malenkoniatsua (paisaiaren deskribapen xeheak nabarmendua) azpimarratu bazuten ere, beste kritiko batzuek, esate baterako paisaiaren osagaiaren ikuspegi positiboa partekatzen zuen Luis Alfonsok edo pinturaren aurrean zorrotzago jokatzen zuten Balartek eta Alcántarak akats batzuk nabarmendu zituzten margolanean, eta aldi berean, edukiaren argudioaren anbiguotasuna salatu zuten; ortodoxiaren ikuspegitik, akats horrek ezerezean uzten zuen margolan hau historiako pintura gisa.

Obraren aurreko kritika on eta txarren ondorioz Espainiako bilduma publikoetara biltzea zaildu bazuen ere, izan zen margolari handi eta arrakastatsu gisa hartu zuten Álvarez Madrilen, eta oso leku onetara iritsi zen hiriko erakundeetan. Arretatsua eta heldua, gogoeta artistiko sakona egin ondoren landu zuen oihal esanguratsu honetako konposizioa, izan ere badira gogoeta sakon hori salatzen duten hainbat lekukotasun, horien artean baliotsuena Bilboko Arte Ederren Museoan kontserbatzen den zirriborroa. Honenbestez, prestaketa lan horrek behin betiko oihala hartuko zuen argudioa ez baizik eta beste bat irudikatzen du, nahiz eta Felipe II.aren beste Jarleku ospetsu bati egiten dion erreferentzia. Eszena honetan erregea, bere agonia luzea jasaten hasten den unean, lagun taldea atzetik duela, horien artean Isabel Clara Eugenia zaldiz doala eta Erregeren aitor-entzule Diego de Chaves fraide domingotarra bereizten direlarik, azken bizitokirantz doa, eraikineko kupulak ikus daitezke konposizioaren hondoan, eskuinetara. Leku aldaketa korapilatsu hori burura eraman ahal izateko, ezaugarri bereziko jarleku bat eraikiarazi zuen erregeak Madrildik San Lorenzo Monasteriora iristeko behar zituen sei egunetan etzanda bidaiatu ahal izateko, hortik margolan txiki honen izenburua.

Lehen ideia horren haritik, Álvarezek zorrotz jarraitu zuen Modesto Lafuentek kontu horren inguruan argitaratutako narrazioa, eta bere konposizioa itxuratzeko erreferentziatzat beste margolari asturiar baten oihala hartu zuen, Ignacio Suárez Llanosena (1830-1881), Felipe II.aren azken bidaia Escorialera (Pradoko Museo Nazionala, Madril) izenburukoa. Margolan hori 1860. urte inguruan hasi zuen egileak, baina 1881ean, Suárez Llanos zendu zenean, oraindik amaitu gabe zuen bere tailerrean --hantxe ikusiko zuen Álvarezek--, eta asturiarraren familiaren esku geratu zen 1914. urtera arte. Margolan horretan, Bilboko zirriborroan bezala, friso gisa egokitzen dira pertsonaiak ikuslearen aurrean, baina Álvarezen obran, plastikoki Suárez Llanosena baino modernoagoa baita, askoz ere protagonismo handiagoa du paisaiak. Izan ere, Luis Álvarezen eskema harritzeko moduko naturaltasunarekin gauzatzen da, eta han pasarte historikoa modu orekatuan, soltean, txertatzen da paisaian. Aipatzekoa da pertsonaia batzuk irudikatzeko tonalitate gorriminen erabilera nagusi diren berde eta grisen gainetik.

Bada 1886ko uztaileko data duen oihal txiki bat, El Escorial inguruko aurkintzaren bat irudikatzen duena eta Barónek prozesu honekin berarekin lotu duena, guztiz zentzuzkoa dirudiena; izan ere, Álvarez Catalák arreta berezia jarri zuen margolan honetako paisaian, nola zirriborroetan hala behin betiko obran. Gainera, bada behin betiko obra prestatzeko hirugarren zirriborro bat, Bilbokoa baino txikiagoa eta 1886koa baino handiagoa: Moreteko markesak izan zuen jabetzan. [Carlos G. Navarro, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 11, n° cat. 2. (Con el título La silla de Felipe II, y atribuido a Luis Álvarez)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 4, n° cat. 4. (Con el título La silla de Felipe II en El Escorial, y atribuido a Luis ÁLvarez Catalá)
  • Reyero, Carlos. Imagen histórica de España, 1850-1900. Madrid, Espasa Calpe, 1987. p. 386, 435. (Con el título La silla de Felipe II).
  • Barón, Javier. Los Salones Artal de Buenos Aires. Madrid, Jorge Juan Galería de Arte, 1999. s.p. (Con el título La silla de Felipe II).
  • La época de Carlos V y Felipe II en la Pintura de Historia del siglo XIX [Cat. exp.]. Madrid, Sociedad Estatal para la Conmemoración de los Centenarios de Felipe II y Carlos V, 1999. p. 80, 384, 385, n° cat. 70. (Con el título La silla de Felipe II)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 124-125, n° cat. 25. (Con el título La silla de Felipe II)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 124-125, n° cat. 25. (Con el título La silla de Felipe II)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 124-125, n° cat. 25. (Con el título La silla de Felipe II)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 254-252, n° cat. 42. (Con el título Boceto para La silla de Felipe II)