Euskal erromeria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Euskal erromeria

Arrue, José

Bilbao, 01/09/1885 - Laudio, Araba, 05/04/1977

Olioa oholean

64,6 x 81 cm

José ARRUE (eskuineko beheko angelua)

1921

82/88

1921ean eskuratua

Bere garaiko beste euskal margolari batzuen aldean, ikuspegi berezia adierazi zuen José Arruek euskal nekazarien munduaz; ez zituen nabarmendu baserritarren sufrimendu isila, lan akigarria eta zahartasun etsia, alde batetik, ezta lanerako saiamen elezaharretakoa, jainkozaletasuna eta edertasun fisiko barea ere, bestetik. Alde batera utzirik joera dramatikoa nahiz heroikoa, José Arrue umoreaz, alaitasunaz, jokoaz eta adiskidetasunaz mintzatu zen baserritarren ohiturak deskribatzean.

Jose Arrúek ez zituen baserritarrak oinarri abertzaleen sustatzaile edo desagertzear zen mundu bati aurre egiten zioten balio etniko aldagabe larri eta hotsandikoen jagole gisa hartzen. Ez; inola ere ez, eta hori izan zen, hain zuzen ere, El Coitao gazte aldizkari iragankor sortu zuenean elementu nagusia. Arruék inolako idealismorik gabe eta bai, aldiz, ikaragarrizko gizatasunaz goretsi zuen baserriko bizitzaren zoriona. Dantzaldiak, erromeria, lagun taldeak kantari, edanean, barrez... istant iheskorra betetasunez eta apur bat inkontzienteki gozatzen denak; haren eszenetan, taldea zirriparraz eta pozik ageri da baita gaiztoak zigorra jasotzen duenean ere; eta burugabe ari denak (edanean, adibidez) algara adeitsua eragiten die ingurukoei, ez errukia. Arlote samarrak dirudite Arrúeren herritarrek, baina gai dira hiriko jauntxo handinahia lotsarazteko moduko erantzuna emateko, mendez mende ikasitako jakinduria eta «egoten jakite» zuhurrari esker.

Herriko zorion giroa adierazten du, hain zuzen ere, Euskal erromeria honek; zorion beti kolektiboa, sekula ez banakakoa. Komunitate osoa elkartu da herri inguruko zelaietan, dantzara, jolasera, jan-edanera eta berriketan jardutera. Mendietan barreiatutako baserri guztietatik jaitsi da jendea, jaiaren gizarte erritua betetzera. Alboetan kokatutako lau zuhaitz lerdenek zedarritzen dute eszena. Eskuinean, dantzariak biribilean dantzan ari dira, eratsu, txistuaren eta danbolinaren doinuan. Ezkerrean, berriz, akordeoi eta panderoz interpretatutako jota biziak dantzatzen dihardute bikoteek, dantza askatuan. Dantza tradizionalak nahiz modernoak, biek ala biek dute tokia landako mundu uste baino toleranteago horretan. Ermitaren babesean, haren kanpandorrea ageri dela atzeko mendietaraino barreiatutako oihartzun bat bezala, herria jostari eta bakean bizi da. Zuhaitzek jendea bere lurretik espiritualtasunera goratzen duen zubi sinboliko modura dihardute.

Aurrealdean, masa soziala ageri da (ñabardurek eta aniztasunak ezaugarritua); bigarren planoan, haren egitura ongi antolatua bereizten da (eliza, herrixkak eta baserriak), eta atzealdean, azkenik, mendi eta muinoen soslaiak, mendi magaletan behera isurtzen den paisaia bat, non garatzen baita bizitza, une isolatuen eta pertsona sakabanatu baina elkarrekin topo egin izanaz zoriontsuen hurrenkera batean. Iraganari buruz beren buruari galdera askorik egin gabe eta oraindik etorkizunari buruzko kezka astunik gabe bizi den gizarte nekazari oparo bati loturiko paisaia adeitsua da. (Javier González de Durana)

Bibliografia hautatuta

  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 21.
  • Sánchez-Lassa de los Santos, Ana. "Conservación y restauración en el Museo", Urtekaria 1983 : asterlanak, albistak = anuario 1983 : estudios, crónicas. 1984. pp. 11-30.
  • Castañer López, Xesqui. "Iconografía de la mujer en los pintores vascos, siglos XIX y XX", Kobie : bellas artes, n° 2. 1984. p. 101.
  • Pabellón español : exposición internacional de París, 1937 [Cat. exp.]. Madrid, Ministerio de Cultura, 1987. pp. 158-163, 183.
  • Tradition and modernity in basque painting, 1880-1939 = Tradición y modernidad en la pintura vasca, 1880-1939 [Cat. exp.]. Southampton ; Bilbao, Southampton City Art Gallery ; Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1997. pp. 37, 90-91, 111, n° cat. 42.
  • Díaz Herrera, José. Los mitos del nacionalismo vasco : de la guerra civil a la secesión. Barcelona, Planeta, 2005. (Detalle en la cubierta)
  • García de Cortázar, Fernando. Historia de España desde el Arte. Barcelona, Editorial Planeta, 2007. p. 472.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 90-91.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. pp. 90-91.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. pp. 90-91, n° cat. 43b.
  • 110 Años 110 Obras [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 226-227, sin n° cat.
  • 110 Ans 110 Oeuvres [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 226-227, sin n° cat.
  • 110 Urte 110 Artelan [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 226-227, sin n° cat.
  • 110 Years 110 Works [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 226-227, sin n° cat.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 345-346, 349-351, 353, n° cat. 199.