Andrearen erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Andrearen erretratua – 69/90

Fernández Cruzado, Joaquín Manuel

Jerez de la Frontera (Cádiz), 1781/12/24-Cádiz, 1856/01/03

Olioa mihisean

63 x 49,5 cm

Fernz (eskuinaldea erdian)

c. 1830-1840

69/90

1930ean eskuratua

Madrilen izan zenean, XIX. mendeko espainiar erretratugileen bi adierazle handitzat hartutako Francisco de Goyaren (1746-1828) eta Vicente Lópezen (1772-1850) margolanak bertatik bertara ezagutzeko parada izan zuen Fernández Cruzadok. Ildo horretatik, Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen erretratua, baita Cadizen eskatuta egin zituen beste margolan asko ere, Goyaren eta Lópezen plastikarekin bat dator konposizioaren ikuspegitik. Hala eta guztiz ere, kontzeptuaren ikuspegitik, pintura genero horri begira finkatutako arau erromantikoekin uztartzen da. Hain zuzen ere ibilbidearen amaiera aldean limurtuko zuen Erromantizismoak egilea --batez ere erretratuetan--, agian Cadizen zituen bezero dirudunen nahierei jarraiki.

Emakumearen (ez dakigu nor den) erretratu honetan --Fernando Cruzadoren beste margolan batekin batera iritsi zen Museora [40. ird.]-- erretratu erromantiko deritzonaren konposizio eskemak aplikatu zituen margolariak. Eskema horiek Federico de Madrazoren (1815-1894) margolan askotan antzeman daitezke, eta Madrazo gisa honetako erretratugile garrantzitsuenetakoa izan zen, baita oro har erretratuaren generoko ordezkari handienetakoa ere XIX. mendean; berea da, esate baterako, Carolina Coronadoren Erretratu bikaina (Pradoko Museo Nazionala, Madril). Zentzu horretan, tipologia horrek berezko dituen ezaugarri jakin batzuk antzematen dira obra honetan, esate baterako, tonalitate iluna nagusitzeko joera eta kontrastea egiten duen argiaren erabilera, erretratatuaren aurpegian bildurik haren adierazkortasuna emendatzen duelarik eta, aldi berean, intimitatearen sentsazioa areagotu eta ikuslearen arreta galarazten ez duen hondo neutrotik nabarmenduz irudian eragiten duelarik.

Gainera, aipagarria da pintzelkada zehatzen bidez lortzen duen birtuositate teknikoa. Obra honetan irudiari datxezkion beste elementu arrunt batzuekin, esate baterako haren jarrerarekin, biltzen ditu elementu horiek Fernández Cruzadok. Emakumea erditik gora ikusten da, hiru laurdenean biratuta, begirada ahularekin egiten dio so ikusleari. Emakumearen gizarte mailaren erakusgarri dira hazpegien bizitasuna (aurpegira dago bideratuta argia), emakumearen jantziak (mantelina, eta brodatuak oso ongi landuta daude) eta gainean daramatzan bitxiak, margolariak xehetasun handiz irudikatu dituenak. XIX. mendearen lehen erdialdean zehar genero honen baitan erretratugile gisa artista handia izan zen Fernández Cruzadoren trebetasuna agerian uzten duten zuzentasunarekin eta ñabardurekin landuta daude arestian adierazitako elementu guztiak. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 18, n° cat. 33. (Con el título Retrato de señora, y atribuido a Joaquín Fernández Cruzado)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 41, n° cat. 90. (Con el título Retrato de señora, y atribuido a Joaquín Manuel Fernández Cruzado)
  • Banda y Vargas, Antonio de la. Estudios sobre el pintor Joaquín Manuel Fernández Cruzado : Real Academia Provincial de Bellas Artes de Cádiz. Cádiz, Museo de Cádiz, 1983. pp. 54-55, 99, n° cat. 7.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 107-109, n° cat. 6.