Agurreko afaria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Agurreko afaria

Cottet, Charles

Le Puy (Frantzia), 1863/07/12-Paris, 1925

Olioa kartoian

47 x 66,5 cm

Ch. Cottet (eskuineko beheko angelua)

c. 1898

82/29

Bizkaiko Foru Aldundiaren ekarpena 1920an

1885. urtean Bretainia eskualdea aurkitu zuen Cottet-ek. Eremu harekiko zuen interesak lekua hobeto ezagutzera bultzatu zuen, eta hurrengo urtean, kostalde bretainiarrera joan zen eta Pont-Aven eta Concarneau ezagutu zituen. Hala ere, garai hartan artista askok bisitatzen zituen bi herri txiki horiek ez zuten beregan Camaret-ek adinako interesa sortu. Gustave Toudouze idazlearen aholkuei esker ezagutu zuen herri hura eta bertan denboraldi luzeak igaro zituen hurrengo hogeita hamar urteetan.

Eskualdeko tradizioez, sinboloez, erritoez eta sinesmen zaharrenez interesatu zen Cottet, gai haiek oraindik erakargarriak eta exotikoak baitziren paristarrentzat, baina bretoien eguneroko bizitzak ere interesa sortu zion, eta haien ohiturak eta gertakariak bildu zituen bere koadroetan: santuen jaiegunak, San Juan sua (Museo di Roma, Erroma), haurren heriotza kopuru handia, Quessant-eko jendea hildako haur bat beilatzen (Musée du Petit Palais, Paris), edo 1893ko kolera izurritea. Arrantzaleen bizitza gogorrak, maiz gertatzen ziren urperatzeek, Berri txarrek, Hileta, edo sardina krisi handiak eragin handia izan zuten margolariarengan, eta horrexegatik, itsasoan desagertutako gizon haien alargunek ere leku garrantzitsua hartzen dute bere ekoizpenean. Itsasoko herrian triptikoa da bere obra enblematikoena, itsasoko jende haien bizitzari buruz zuen ikuspegia hoberen laburbiltzen duen margolana. Triptiko hark izan zuen arrakastak André Charles Coppier (1866-1948) margolariarekin batera akuaforte bat egitera eraman zuen 1909. urtean. Badoazenak izeneko ezkerreko panelean, itsasora abiatzen ziren marinelak irudikatu zituen Cottet-ek; eskuinekoan, berriz, Geratzen direnak, lehorrean gelditzen ziren ahaideak (emazteak, seme-alabak eta amak), eta erdian, Agur afaria, agur esateko otordua, beharbada azkeneko aldiz familia osoa bilduko zuena.

Triptiko handi honen erdiko panelaren bertsio murriztua da Agur afaria, eta era berean, hartatik kontserbatzen diren prestatze lan ugarietako bat (Museo Zibikoa, Padua Veneziako 1898ko Bienalean aurkeztua; Arte Ederren Museo Nazionala, Buenos Aires; Musée des Beaux-Arts, Brest, besteak beste). Koadroa Pinturaren eta Eskulturaren Nazioarteko I. Erakusketan erakutsi zen Bilbon, eta pinturaren atzealdean dagoen etiketa baten arabera, Allard galeriaren jabetzakoa zen. Parisko J. Allard galeriaz ari gara, Cottet-ek haren esku utzi baitzuen bere margolanen salmenta, Bande Noire taldeko Émile-René Menard edo Lucien Simon bere adiskideek bezala.

Obraren erdian, mahai luze bat, sabaiko olio lanpara baten argi biziak argitua, mahaia zerbitzatua dago afari-legea egiteko prest. Haren inguruan bilduta senide ugari: emakume zaharrak, batzuk jada alargunak, hotsandiz aurkezten dira; neska gazteak pentsakor daude, betiko itxaropen eta etsipenez; haur txikiak, oraindik inuzenteak, beren amen belaunetan eseriak ageri dira. Konposizioaren ezkerraldean, marinel batek, zutik, serioki edalontzia altxatzen du agur keinu batekin. Cottet-ek Azken Afaria irudikatuko balu bezala agertzen du eszena, agur afariaren handitasuna nabarmenduz, emozio eutsiak, marinelak beren patu ezezagunera abiatzeko bezperan. Azkenik, hondoan, leiho handiaren atzean, oihal gisa ageri da itsaso handia, erne, misteriotsu eta bizitzen gose. Haren zerumuga, ezezagunaren ikur, goian margotu da badia luzearen ondorioz.

Errealismoaren, sinbolismoaren eta alderdi kostunbrista bretoiaren arteko sintesi batetik abiatzen da Cottet-en modernitate artistikoa, obran bertan ederki bat egiten duena. Pintzelkada luze eta trinkoek espresioak biziagotzen dituzte eta ongi etortzen dira argi puntuekin, arinak badira ere, oihartzun handia uzten baitute obraren barnean. Cottet-ek kolore argiak eta argitsuak gustuko bazituen ere, ez zituen adierazkortzat hartzen, eta horrexegatik, soiltasuna erakusten zuen koloreari eta argiari dagokienean.

[Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • Charles Cottet. París, Societé d´Edition de Publications, 1910.
  • "Exposicion internacional de pintura y escultura", Hermes : revista del Pais Vasco, n° 46-47. 1919.
  • "Las Exposiciones Bienales de Bilbao", Arte vasco : revista mensual de la Asociación de Artistas Vascos, n° 4. 1920. p.79.
  • Manterola, Ismael [coord.]; Onaindia, Mikel [coord.]. "Bilbao 1919 : la Exposición Internacional de Pintura y Escultura = Bilbao 1919 : Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa [Recurso electrónico]", Boletin 11 = Bulletina 11. 2019. pp. 72, 166, il.
  • Primera Exposición Internacional de Pintura y Escultura : catálogo [Folleto]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1997. n° cat. 83.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 244-245, n° cat. 63. (Con el título Cena de despedida)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 244-245, n° cat. 63. (Con el título Cena de despedida)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 244-245, n° cat. 63. (Con el título Cena de despedida)
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 514-516, n° cat. 115. (Con el título Cena de despedida)
  • Zuloaga en el París de la Belle Epoque, 1889-1914 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 2017. p. 211, n° cat. 77.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 45. (Con el título Cena de despedida en Bretaña).