Zefaloa, Aurorak igoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Zefaloa, Aurorak igoa

Delorme, Pierre Claude François

Paris, 1783/03/17-Paris, 1859/09/18

Olioa mihisean

58 x 50 cm

c. 1827-1834

82/550

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Margolan hau egilea zehatz zein zen jakin gabe eta Diana eta Endimion izenburuarekin iritsi bazen ere Bilboko Arte Ederren Museora , erakusketa honen harira abiarazitako ikerlanak aukera eman du irudikatutako gaia zehazteko eta haren identifikazioa zuzentzeko ez ezik egilea bera ere zehazki nor den finkatzeko. Azken kontu horri dagokionez, Pierre-Claude-François Delormeren margolana da honakoa, eta margolari horren obra garrantzitsuenetako baten bertsio txikiagoa da, 1822. urtean Erakusketa Ofizialean aurkeztu zuen Zefalo Aurorak goratua izenburukoaren bertsioa. Azken hori Luis XVIII.ak eskuratu zuen 3.000 libera jarrita, eta erregeak berak 1818. urtean sortu zuen Luxenburgoko arte galerian jarri zuen ikusgai. Arte galeria horretan garaiko artista bizien obrak izaten ziren ikusgai. 1872. urtetik aurrera Sensko Udal Museoan dago margolana. Museoak, gainera, obraren estudio orokorra eta xehetasunen koadroa biltzen ditu.

Bi margolanak alderatzen baditugu, Museoko koadroak jatorrizko obra handiaren ezaugarri berberak dituela ikusiko dugu. Obra hori aipatu Erakusketan aurkeztu zenean, nabarmendu egin zituzten bere konposizio jostalaria eta marrazketa zuzena, fintasuna nabari da hazpegietan, pintzelkada zainduak dira, gogora ekartzen ditu Delorme trebatu zen eskolaren gustuak: ongi asko antzematen da Delormek M. Girodet izan zuela maisu. Zalantzarik gabe, leial eutsi zien maisuaren etxean ikasitako printzipioei. Izan ere, Museoko obran, ongi asko nabari da nola Delormek bazterrera uzten dituen Davidek aldarrikatzen dituen eskultura izaera eta zehaztasuna marrazketan, profilei halako sfumato batez ematen baitie akabera, oihalak ageri dituen zati higatuekin nahastera iristen dena. Zentzu horretan, Zefalo Aurorak goratua estilistikoki Neoklasizismoaren barruan kokatzen bada ere, Girodet maisuarengandik jasotako espiritu erromantikoa bildu zuen Delormek. Era berean, Girodeten eraginak dira proportzio anatomikoetan nabari den halako manierismoa, kritikaren arrazoi nagusia izan zena, alegiazko argiaren erabilera irudikatutako gaiarekin bat etorririk eta, oro har, obrari itxura misteriotsua ematen dion giroa.

Ovidiok Metamorphoseon libri eta Ars Amatoria idazlanetan adierazitako Zefaloren historiarekin du zerikusia margolan honen gaiak. Maitaleek, Zefalo, Eoloren semea, eta Prokris, Erekteoren alaba, betiereko leialtasuna zin egin zioten elkarri. Egun batean, lo zegoen bitartean, zeruetara goratu zuen egunsentiaren jainkosa Aurorak Zefalo. Jainkoek hilkorrez maitemintzera zigortuta zuten Aurora, eta pasarte hori jaso egiten du Museoko obrak. Hala eta guztiz ere, hisiak jota Zefalo Prokrisekin maiteminduta zegoelako, etxera itzultzen utzi zion Aurorak. Absentzia misteriotsuan zehar Zefaloren eta Prokrisen artean maiterreak eta konfiantza ezak gorpuztu baziren ere, bere onera etorri zen bien arteko maitasuna. Aitzitik, amaiera tragikoa izango zuen istorioak, gezur beltz bat tarteko Zefalok erailda hil baitzen Prokris eta Zefalok bere buruaz beste egin baitzuen gero. Artearen historiaren baitan kondaira mitologiko hau behin eta berriz baliatu da erreminak eta oinarririk gabeko susmoak zeinen arriskutsuak gerta daitezkeen erakusteko. Eta Neoklasizismotik aurrera, baita Rococotik aurrera ere, kondaira hori baliatzen jarraitu zuten margolariek beren eszenetan haren sinbologiagatik eta ematen zuen izaera erotikoagatik. Zentzu horretan, mitologia klasikoaren gai jakin batzuk lehenestera iritsi ziren, halako karga erotikoa zuten irudiak lehenestera iritsi ziren.

Ildo horretatik, margolan honen izaera sentsual agerikoa Girodeten beste ikasle batek (Joseph Ferdinand Lancrenon, 1794-1874) garai berean egindako margolan batekin --Boreas Oritia bahitzen (1822, Museé Girodet, Montargis)-- lotu behar da. Delormek, gainera, ezaugarri formak batzuk partekatzen ditu egile horrekin, esate baterako, hondoaren eta argiaren tratamendua eta giro misteriotsua. Delormek berak, konposizio litografiko asko eta asko egin baitzituen, Girodeten Oritiaren bahiketa obran oinarritutako litografia bat egin zuen 1825ean, eta obra horretan Museoko obran antzematen diren antzekotasun batzuk hauteman daitezke. Gaiaren ikuspegitik, urte haietako hainbat artistak egindako margolanekin lotu behar dugu honakoa: Aurora eta Zefalo (Cleveland Museum of Art) Girodetek 1810. urte inguruan eginarekin eta, bereziki, Aurora eta Zefalo (Musée du Louvre, Paris) Pierre-Narcise Guerinek (1774-1833) landuarekin; azken hori 1810eko Erakusketan aurkeztu zuen, eta oso arrakastatsua gertatu zen.

Obraren datazioari dagokionez, itxura guztien arabera jatorrizkoa egin ostean landu zuen Delormek Museoko Zefalo Aurorak goratua margolana. Ohitura zabaldua zen XIX. mendean, areago Koroak eskuratu eta gero pieza horiek garaiko arte gustu ofiziala ezartzen zutenean. Izan ere, Musée Saint Loup de Troyes museoak artistak 1851. urtean, hau da, Museoko obra egin eta gero segur asko (1827 eta 1834 bitartean landuko zuen Museokoa), egin zuen beste errepika bat kontserbatzen du (olio pintura oihalean, 130 x 98 cm, gaur egun hango Udaletxean dago). Beste dokumenturik izan ezean, margolanaren ifrentzuan estanpatutako inskripzioa da -- Valle & Bourniche/Successeurs de/Belot/Rue de l Arbre sec Nº 3-- margolanaren datazioa zehazteko informazioa eskaintzen diguna. Garai hartan arte gaiak hornitzen zituen etxe ezagunenetako bati egiten dio erreferentzia inskripzioak, Belot etxeari, lArbre Sec kaleko 3. zenbakian zegoen etxeari. Geroago Bellavoine izenarekin ezagutuko zena, etxe hau Michel Belotek (1782-1861) fundatu zuen XIX. mende hasieran, eta 1824. urterako materialak saltzen zizkien artista asko eta askori, besteak beste Eugène Delacroix handiari.

Stéphanie Constantin ikerlariak Museoko obrak duen zigilua Belot etxean 1821-32 inguruan erabiltzen hasi zirela badio ere, Merry Joseph Blondelen (1891-1853) Justizia Merkataritza babesten margolanak (1826, Musée National Magnin, Dijon) agerian uzten du baieztapen hori ez dela erabat zuzena, eta 1826. urtean Belotek bere negozioa gidatzen jarraitzen zuela. Etxearen zigilua segur asko 1827. urtean aldatuko zen, urte hartan Beloten bi ikaslek --Pierre-Auguste Vallée era Pierre-Charlemagne Bournich-- beren gain hartuko baitzuten etxearen ardura, eta zigilu berri bat prestatu zuten, hain zuzen ere Bilboko Arte Ederren Museoko oihalean ikus dezakeguna. Margolan hau 1827 eta 1834 urte bitartean margotuko zuen Delormek, jakina baita merkataritza etxeak igortzen zituen margolan guztien ifrentzuan irartzen zuen zigiluak ordurako beste aldaketa bat izan zuela. [Javier Novo González, 2008]

Bibliografia hautatuta

  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 120-123, n° cat. 9.