Yashima - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Yashima

Hokkei, Totoya

Japonia, 1780-1850

Xilografia

21,1 x 18,3 cm

Hokkei (北,渓,)

c. 1820-1830

XIX. Mendearen lehen heren

82/751

María de Arechavaleta andrearen dohaintza, José Palacio jaunaren bildumakoa 1953an

Besterik gabe irarria esan nahi du surimono hitzak, baina egiazki oso landua den estanpa mota jakin bati egiten dio erreferentzia; partikularrek egindako enkarguei erantzuteko lantzen zituzten halakoak, eta beraz, ez diote ohiko estandarrari erantzuten. Surimonoak txikiak izaten dira, hosho paper lodian inprimatzeko teknika sofistikatuak eskatzen dituzte, esate baterako, metalen hautsa aplikatu behar da, gofratu efektuak ematen zaizkie eta, ongi leundurik, azal distiratsua ematen zaie. Katsushika Hokusairen ikasle batzuk, esate baterako guztietan aurreratuena Totoya Hokkei, gisa honetako irudi bereziak lantzen espezializatu ziren, eta ale gutxi batzuk baizik argitaratzen ez zituztenez bildumagileek oso estimu handian izaten zituzten pieza bihurtu ziren. Hogeita hamaika silabako kyoka poema burutsuak, egun irakurtzen zailak, ilustratu ohi dituzte. José Palacio bildumagileak sentiberatasun berezia agertzen zuen gisa honetako pieza dotoreen aurrean, Japoniako arte grafikoetan maila onenekoak baitira. Mendebaldeko bildumagileen surimono asko eta asko kalitate handiko kopiak dira, akashiban estanpak esaten zaie, XIX. mendearen azken hamarraldian irarriak baitira Akashiko herrian, Kobetik gertu, gisa honetako piezen aurrean zegoen eskaera handiari erantzun ahal izateko.

Bi gerlari mitiko ageri dira irudi honetan. Izenburuak, Yashima, Japoniako historian gertatutako gudu ospetsuenetako bat gogorarazten digu. Gudu hori Heike monogatari literatura obran eta Erdi Aroko beste kronika batzuetan dago jasota, baita noh eta kabuki antzezlan askotan ere. 1185eko martxoaren 22ko gudu horretan Tairatarren leinua borrokatu zen Minamototarrenaren aurka. Minamoto no Yoshitsune heroi handiaren eraso ausart batek ekarri zien garaipena Minamototarrei. Eszena honetan bi samurai makurtu egiten dira eta beren armak erakusten dituzte, katana ezpata bat eta naginata alabarda bat. (David Almazán, 2014)

Bibliografia hautatuta

  • Arte japonés y japonismo [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2014. pp. 223, 308-309, n° cat. 91.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 140, 149, n° cat. 65.