Sakristia-eltxoa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Sakristia-eltxoa

Ferrant y Fischermans, Alejandro

Madril, 1843/09/09-Madril 1917/01/20

Olioa mihisean

60 x 46 cm

A. Ferrant (eskuineko beheko angelua)

1892

69/93

Bilboko Udalaren ekarpena 1913an

Erlijio gaiei emandako lan oparoarekin batean, betiere Alfontso XII.aren agintaldian eta bere alargun Maria Kristina Austriakoaren agintaldian nagusitu zen tonu neobarrokoari egokiturik, elizetan, sakristietan eta askotariko beste erlijio eremuetan girotutako eszena bitxi ez gutxiren egilea izan zen Alejandro Ferrant. Gisa horretako eszenak oso salduak izan ziren urte haietan. Ferrantek goi burgesiaren eskaerari erantzuteko landu zuen tamaina txikiko margolan hau. Koadro honetakoa bezalako argudioek, elizgizonen pribilegioei eta erlijio giroen sekularizazioari buruzko ikuspegi hein batean ironiatsua eskaintzen baitu, erabat hartu zuten XIX. mendeko azken hamarraldietako merkatua, eta garaiko kontu militarrak aurkezten zituzten margolanekin batean, hein handi batean ezaugarrituko zituzten Alfontsoren garaiko kontserbadoreenen arte gustuak.

Ferrantek zazpi oihal aurkeztu zituen 1892ko Erakusketa Nazionalean, horien artean egun Bilboko Museoan dagoena. Izan ere, 1892ko abenduaren hondarrean halako ospea hartu zuen margolan honek La Ilustración Española y Americana aldizkariaren urteko azken aleko azalean azaldu zenean; hortaz, Ferrantek aurkeztutako lanarekin identifikatzen da, inolako zalantzarik gabe, euskal pintura aipatu erakusketan. Bi urte geroago berriz egon zen ikusgai Bilboko Arte Erakusketan, lehiaketatik at, hiru mila pezetatan salgai. Bilboko Udalak erosi eta hiriko Museoan utzi zuen 1913an.

Meza laguntzaile bihurria sakristiako aterantz jarri da begira bakarrik dagoela eta inork ikusi gabe liturgiarako ardo ontzietako ardo goxoa edan dezakeela egiaztatzeko. Bere jarreran datza argudioaren pasartearen grazia guztia, besaulkiaren bazter batean utzi baitu meza liburua bere azio kaltegabean kontzentratzeko. Zalantzarik gabe, bihurrikeria horrek ikusleen artean eragiten zuen samurtasun bihozbera zen margolanaren erakargarri nagusia. Ferrantek akuarelak lantzeko trebetasun aparta zuenez teknika horretan Mariano Fortunyren (1838-1874) hurrengo jarraitzailetzat har badaiteke ere, formatu txikiko margolan hauetan urrundu egiten da Kataluniako maisuaren bideetatik, Eduardo Rosalesen (1836-1873) azken obrako pintzelkada sendoaren eta askearen eragina antzematen baita obra honetan, aipatu artistak eragin handia izan baitzuen Ferrantenean. Oihal honetan ongi asko antzematen da margolari madrildarraren arrastoa konposizioan protagonista den irudiaren modelatuan eta protagonista meheki seinaleztatzen duen argi zurian. Abitu zuri gorriko ehunek antzezlan batean bezala biltzen dute argia, eta horrenbestez, meza laguntzailearen irudia guztiz nabarmentzen da hondoaren aurrean; hondoko pareta tonalitate berde eta arrosako pintzelkada kartsuekin eta artifizialekin landua da. Paretan gaingiroki daude definituta margolariak espazio horri eman zizkion bereizgarriak: ur ontzia eta toalla, prestatzeko otoitzak eta bertan ez dagoen sakristauaren giltzak txapelaren azpian, atearen atzeko aldean ozta-ozta antzematen direnak; horiek guztiak dira eszenari leku egiten dion esparrua mugatzen dutenak. [Carlos G. Navarro]

Bibliografia hautatuta

  • Exposición Internacional de Bellas Artes [Cat. exp.]. Madrid, Establecimiento Tipográfico de R. Álvarez, 1892. p. 60, n° cat. 344.
  • Catálogo de la Exposición Artística de Bilbao : agosto 1894 [Cat. exp.]. Bilbao, Imprenta Provincial, 1894. p. 96, n° cat. 94.
  • "Bellas Artes", La Ilustración Española y Americana, n° VIII. 28 de febrero de 1913. p. 1, il.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 300-302, n° cat. 55.