- rantz, 5. zenbakia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

– rantz, 5. zenbakia

Lasa, Jose Ángel

Legorreta, Gipuzkoa, 19/08/1948

Egur pintatua

200 x 800 x 120 cm

2005

05/186

2005ean eskuratua

Remigio Mendiburu eskulturagilearekin zeukan harremana eta artista horren egur-tratamendua oso garrantzitsuak izan ziren bere lanak garatzeko orduan. Dena dela, beti-beti modu arrazionalistagoan edo kontzeptualagoan hurbildu da naturara. Beste eragin batzuk ere izan zituen; esate baterako, arte poverarena eta, batez ere, Giuseppe Penone (1947) artista italiarrarena. Azkenean, guzti-guztiak bere eskulturaren ezaugarri bereizgarriak izan ziren, eta, Lasak laster baztertu zuen Henry Mooreren eraginpeko figuraziotik aurrera, eraldatuta egon arren euren jatorrizko itxura daukaten elementu naturalen eta erabat eraldatutako elementu geometrikoen arteko dialektikari eutsi dio.

Oinarrizko oposizio hori zenbait eratara adierazi da bere lanen bilakaeran zehar, irudimen handiko baliabide ugariei esker. Ia-ia beti, zuhaitz desberdinen egurra erabili du materia moduan. Hasiera batean, hori lortzeko, kutxen moduan antolatutako ezpel-adarrez edo sutan leundu eta konkortutako eta bi erdi kubo mardul lotzeko erabilitako hurritz-adarrez egin zituen eskulturak. Ostantzean, batel edo kaxa itxurako egiturak erabili zituen, eta simetria aldatu zien edo hormak bihurritu zituen oholak lehortzean. Gero, barruan harrobiko harri-metak zituzten metalezko mailak edo forjaketa amaitu baino lehen hautsitako hormigoiaz egindako piezak erabili zituen. Pieza horien barruko aldetik, gainera, metalezko mailak agertzen ziren. Beste batzuk, ordea, ijezketako buztanez egin zituen, ijezketako hondar akasdunen bitartez, alegia.

Osteko lanetan, Lasak era naturalean lehortutako laranjondo-egurra erabili du, forma geometrikoetan bilatutako kontraesana txertatzea helburu duten oholen bihurdurak lortzeko. -rantz 5. zenbakia lana oraintsuagoko seriekoa da --dena dela, horma bera da euskarria--. Arazteko eta eraldatzeko prozesu konplexuaren arabera tratatutako adar-multzoak ditu osagai: zuriketa, lehorketa, leunketa eta, azkenik, karrozeriako pinturen eta likidoen bidezko inprimaketa eta koloreztaketa. Hau da, erabateko tratamendu industriala garatu da naturako formetan, eta, hala ere, oraindik, muga-mugan bada ere, euren morfologiari eutsi diote. [Javier Viar]

Bibliografia hautatuta

  • Adquisiciones 02/07 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 112-113, n° cat. 47.
  • Guía Artistas Vascos. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. p. 176.
  • Bosteko : euskal artistak = artistas vascos : 1998-2008 [Cat. exp.]. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia = Diputación Foral de Bizkaia, 2008. p. 93.
  • Gida Euskal Artistak. Bilbao, Bilboko Arte Eder Museoa, 2008. p. 176.
  • Viar, Javier. Historia del arte vasco : de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017. p. 743, il.
  • Guide Basque Artists. Bilbao, Bilbao Fine Arts Museum, 2012. p. 176, n° cat. 97.