Otoizlaria - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Otoizlaria

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

6,25 x 4,31 x 1,1 cm

82/843

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Gion baten irudia, zutik dago. Ezkerreko zango zuzenean hartzen du atseden, eskuineko belauna, jantziak ezkutatuta, tolestuta du, eta ez dakigu oina nora zuzenduta izango zuen, hautsita baitu. Ezkerreko sorbaldan jarritako toga batez jantzita dago, bularraldea agerian, eta toga hori ezkerreko besaurrean du tolestuta eta modu nabarmenean bilduta, ebaki batzuen bidez adierazita, irudi osoaren gerria inguratuz. Era berean, ebaki batzuk hautematen dira bizkarraldeko toles lauetan. Irudi honen anatomian oso arinak dira ezaugarriak, berdinduta du gorputza, zapalduta dagoelako itxura du, soina eta burua apur bat eskuinetarantz inklinatuta dituela. Elementu esanguratsuenen artean, aipa ditzagun besoak, zabalik, eskuak irekita eta hatz lodiak gorantz, aurreko bi piezetan bezalaxe. Burua pixka bat luzea du, ile xerloak era erradialean orraztuta, begiak handiak eta biribilak, itsatsitako botoiak balira bezala.

Aurreko bi irudiekin partekatzen dituen ezaugarrien artean, esan dezagun irudi hau maila apalagokoa dela estiloaren ikuspegitik, gorputzaren formak gaingiroki baitaude irudikatuta, nahiz eta gabezia hori berdindu egiten duten soin inklinatuaren mugimenduan hautematen den adierazkortasunak, hazpegien tamainak eta togaren apaindura txikiek. Veronako Arkeologia Museoan dagoen irudi batean (A4, 330. Inb. zk.) aurkitzen ditugu antzeko ezaugarriak dituen beste bat; horrek ere inklinatuta du soina, ezkerretara, eta antzeko itxura ezegonkorra ematen dio irudiari. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 348-350, n° 65.