Olio-lanpara - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Olio-lanpara

Anonimoa, I. mendea

Brontzea

2,8 x 9 x 3,39 cm

82/845

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Olio lanpara, gorputz zirkular irekia duena, goiko uztaia laua eta isurbide luzea, kiribil erdiekin dekoratua. Bertikala da heldulekua, ontziaren gibelaldean dago, hautsita dagoen aldean, eta gainean artea hosto bat du, txortenean ezkur bat.

Espainian aurkitutako brontzezko argimutilen artean, discusaren eta infundibulumaren elkargunean kiribildura mota berdina duten hiru ale aipa daitezke. Badajozeko Probintziako Museo Arkeologikoko piezaz (11.659. Inb. zk.), Soriako Museo Numantinoko piezaz (C1.657. Inb. zk.) eta Granadako Probintziako Museo Arkeologikoko piezaz (199. Inb. zk.) ari gara, azken horrek handituz doan ilargiaren formako heldulekua duela, gainean bolatxo batzuekin. Formaren ikuspegitik K.o. I. mendearen lehen erdialdean kokatu beharrekoa da irudi mota hori.

Kontserbazio egoera kaskarragoan dagoen arren, antzekoa da Herkulanon bideratutako indusketa lanetan aurkitutako beste pieza bat, honako hau udare formakoa, K.o. I. mendearen bigarren erdialdean erabilia, heldulekuan oso antzeko dekorazioa duena, nahiz eta haren deskribapenean "erdian botoi bat duen hosto luzea" bezala identifikatzen den. Gure alean ongi asko bereizten dira Quercus generoko zuhaitz hostoari berezkoak zaizkion erdialdeko zaina eta uhin formako ertzak, baita hostoa txertatzen den puntu beretik sortzen den ezkur txikia ere; hortaz, arteari ez baizik eta artelatzari legokioke, inolaz ere ez legokioke haritzari edo fagales edo fagal ordenako beste espezie bati, halakoetan oxkarratuak izaten baitira hostoaren ertzak.

Quercus generoko zuhaitzak, batez ere haritza baina baita artea eta artelatza bezalako aldaerak ere, barruti sakratuetan jarri ohi ziren koroa apaingarriak osatzeko erabiltzen zituzten Antzinaroan, edo girlandetan txirikordatzen zituzten. Ereinotzez egindako koroez beste, olinpiar jokoetako garaileei ipintzeko egokiak baitziren halakoak, haritz hostoez eratutako koroak oso egokiak ziren jainko nagusiei eskaintzeko, esate baterako Zeusi, eta erromatarren garaian agintariei eta militar garaileei eskaintzen zizkieten beren garaipen sarreretan; hain zuzen ere horretan du jatorria "koroa zibilak" deituen aplikazioak. Gure argimutila egunero erabiltzeko ez baizik eta errituzko erabilera emateko izan balitz, esate baterako etxeko aldare batean jartzeko (ongi uztartze da ideia hori piezaren tamaina txikiarekin), Zeusen irudi bat argitzeko erabiliko zutela esan genezake. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 433-435, n° 88.