Nekazaritza - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Nekazaritza

Guiard Larrauri, Adolfo

Bilbao, 1860/04/10-Bilbao, 1916/03/08

Tinta landare-paperean

31,8 x 22,8 cm

Anterior a 1901-1902

92/6

1992an eskuratua

1900. urtean zirriborro batzuk egiteko enkargua jaso zuen Bizkaiko Aldundiaren aldetik Adolfo Guiardek. Zirriborro horiek herritarren ordezkariak biltzen ziren Batzar Etxearen hormen goiko aldeko leiho zabalen tokian egokitu beharreko beira-leihoetara eramatekoak ziren gero.

Hasiera hasieratik euskal militante abertzalea bazen ere, Guiardek inolako sektarismorik aplikatu gabe heldu zion proiektuari, ongi asko jabetzen baitzen Batzar Etxeak bizkaitar guztiak ordezkatzen zituela, pentsamolde politiko guztietako pertsonak alegia. Enkarguak berekin batean exijitzen zizkion hamaika konturi erantzun ahal izateko, honako erabaki hauek hartu zituen egileak: (a) bere arte estiloari hertsiki eustea, (b) laneko nekearen gaia aukeratzea garai orotako bizkaitarren gidoi partekatu eta unibertsal gisa, (c) egun baten orduak erabiltzea (egunsentitik ilunabarrera artekoak) bilakaera eta aurrerabide ekonomikoaren eta teknologikoaren ideia hainbat sekuentziatan aurkezteko --horretarako eguneko etapak/orduak bereizteko sei leiho zabalak baliatuko zituen--, eta (d) banakoen irudikapenean pertsona zehatzen bat (mitoak, erregeak edo militarrak) ez lehenestea, baizik eta jende arrunta eta xumea, herria alegia.

Hemen hizpide ditugun irudietatik lauren zirriborroetako bat dugu honako hau, zehazki Historiaurrearen gaiari emana da. Hona zertan den narrazioa: (1) egunsentiko artzainen ahalegin nomada, (2) nomadismoa amaitu osteko laborantza lanak eta lurraren gaineko kontrola goiztirian, (3) itsasoaren gaineko kontrola eta arrantza eguerdiko argi betean, (4) industria eta meatzaritza garapena arratsaldeko eguzkiaren beropean, (5) gaueko bat-bateko iluntasuna eta garapenaren etena gerra fratizida tarteko (giza irudirik gabeko eszena bakarra), eta (6), berriz ere garapen bidean den herriaren irudia, merkataritza eta nabigazioa ilunabarrean, merezitako atseden unea hurbil dagoela.

Agian artzainen kasuan izan ezik, beste garai bateko arropak jantzita daudela hautematen baitzaie, margolariaren garaian ohiko zen moduan jantzita ageri dira pertsonaia guztiak, era beraz, Historia bada baina ez historizismorik, Sinbolismoa bada baina ez fantasiarik, Errealismoa bada baina ez behar ez den xehetasunik, eta batez ere, erabateko bat etortzea dago lan horien eta Guiardek lehendik eta geroago egindako lanen artean. Bere burua ez estiloaren alorrean ez espirituarenean behartu behar izan gabe, noiznahiko naturaren kontzeptu biltzaile bat asmatu zuen, kontzeptu bateratzailea, ez baztertzailea eta ez alderdikoia. (Javier González de Durana, 2008)

--------------

Mende aldaketan Guiard ez zen margolarien eta artisten artean gorpuztu zen lankidetzatik aparte ibili. XIX. mendearen azken hamarraldietan lehen sarraldiak egin zituen diseinu grafikoari lotutako beste diziplina batzuetan, irudigintzan eta kartelgintzan, kasurako. Baina mende berriarekin bat hurbildu zen aurrenekoz beiragintzara. Euskal artisten artean Jose Etxena eta Anselmo Guinea ziren aurrekariak, nork bere herrialdeko diputazio jauregiko barneko eskailerak dekoratzeko beira-leihoak diseinatu baitzituen. Era berean, Anselmo Guineak diseinatua da Bilboko Ibaigaine jauregiko eskaileretako beira-leihoa.

Guiardi hiru beira-leiho egiteko proiektu ezagutzen zaizkio (Gernikako Batzar Etxekoa, Rafael Pikabearen jauregikoa eta Isidoro Larrañagaren txaletekoa). Lan horietara aurrez egindako lan burutsu bat salatzen duen modu sinbolikoan ekarri ditu ekarri beharrekoak, guztiz urruntzen da Etxenak eta Guineak landutako proposamen historizista eta alegoriazko orotatik.

Mendearen azken hamarraldietan abandonatuta zegoen Batzar Etxea, azken karlistaldiaren ondorioz galdutako Foruak izan ziren, hein handi batean, prentsak behin eta berriz salatzen zuen egoera horren arrazoi. 1890. urtean iritsi ziren hobekuntzak eraikinaren egitura sendotzeko lanak egin zituztenean. Lanak amaituta 1900. urtean herrialdeko arkitekto Antonio Carlevarisi dekorazio lanak egiteko enkargua helarazi zitzaion. Sei beira-leiho egitea proposatu zuen. Nolanahi ere lan horien diseinua Adolfo Guiardek egitea eskatu zuen Aldundiko Sustapen Batzordeak hurrengo urteko maiatzean. Erakundeak behin eta berriz ekin arren, Guiard atzeratu egin zen kartoi lanak egiteko garaian, 1902. urtean aurkeztu zituen, eta ez urte hasieran preseski.

Museoko bilduman, olio pinturaz margotutako sei kartoiez gain, haietako lau lantzeko zirriborroak kontserbatzen dira, Historiaurrea, Artzaintza, Nekazaritza, Arrantza eta Merkataritza eszenei dagozkienak. González de Duranak adierazten duen bezala, "garapen eta aurrerabide ekonomiko eta teknologikoaren ideiaren" sekuentzia bat finkatzen da gaietan, ez ordea pertsonaia historiko zehatzak erabiliz, baizik eta euskal herritar xumeen lanaren bidez irudikatuz.

Bizitza izenburukoa da Guiardek beira lantzeko artean egin zuen bigarren hurbilketa ezagunerako zirriborroa. Rafael Pikabea enpresaburuak, aldizkako hainbat argitalpenaren jabeak, Gipuzkoako Oiartzun herrian zeukan jauregi txiki batean paratzekoa zen. Marrazkian, margolariaren obra sinboliko nagusian, Guiardek kontzeptu abstraktu bat lantzen du denboraren joanari eta heriotzari erreferentzia egiten dieten irudi sorta baten bidez (hiru adinak, bidea, bizitzaren zuhaitza eta katu beltza). Irudi horien esanahia jada argitu zuen, bikain argitu ere, Gonzalez de Duranak.

Gainera, Bizitza izenburuko lan honetan islatu zuen ongien Guiardek japoniar irudiak lantzeko zuen trebetasun aparta eta molde horrek egile honengan zuen eragina marraren garapenean, hain zuzen ere modernismoa Ekialde Urruneko estetikaren elementuak berrinterpretatzen ari zen unean. (Mikel Lertxundi Galiana, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • González de Durana, Javier. Adolfo Guiard : estudio biográfico, análisis estético, catalogación de su obra [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao ; Caja de Ahorros Vizcaína, 1984. pp. 206-207, n° cat. 133.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 469-471, n° cat. 103.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 68-70, n° cat. 23.