Meza nagusia Andaluziako eliza batean - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Meza nagusia Andaluziako eliza batean

Fernández Cruzado, Joaquín Manuel

Jerez de la Frontera (Cádiz), 1781/12/24-Cádiz, 1856/01/03

Olioa mihisean

82,5 x 94,5 cm

M. Fernández (eskuineko beheko angelua)

1840

69/92

Antonio Plasencia jaunaren dohaintza 1935ean

Konposizio konplexu bati erantzuten dioten argi eta itzal planoen bidez dago landuta margolan hau. Egileak lagun asko irudikatu ditu jarrera ezberdinetan, gizarte maila askotako pertsonaiak ageri dira eliza baten barrunbean izaten ari den mezetan, elizaren burualdean Ama Birjinaren irudia dagoela. Irudi horren aurrean ospatzen ari da mezaren erritu katolikoa, era arranditsuan, intsentsu ontziari eragiteko prest dauden apaizen jantzi dotoreek eta meza laguntzaileek --presbiterioaren aurreko harmailetan belaunikaturik argizari ontziak daramatzatela-- agerian uzten duten bezala.

Liturgia zeremoniatsu eta adierazgarri mota horrek XIX. mendean Espainian barrena bidaiatuko ziren pertsona asko eta asko harrituko eta liluratuko zituen, batez ere Andaluzian barrena ibili zirenak, gisa horretako zeremoniak oso arruntak baitziren hango herri gehienetan, eta herri horietara jotzen baitzuten, garai haietan, eliza anglikanoaren jarraitzaile ingelesek. Horixe dugu John Frederick Lewis marrazki ingelesaren kasua; askotan jaso zituen gisa horretako zeremonien irudiak, eta gainera gai bera lantzen duen grabatuaren egilea da (Londresen argitaratu zuen aztergai dugun obra egin baino urte gutxi batzuk lehenago). Hain zuzen ere obra horretatik eratorria da Meza nagusia Andaluziako eliza batean izenburuko obra, nahiz eta Fernández Cruzadok beste leku eta pertsonaia batzuk landu zituen.

Oso litekeena da gisa honetako margolanak tokian tokiko bezeroen eskaerak asetzeko landu izana eta tokian tokiko debozioaren alderdiren bat jasotzeko asmoa izana, baina pertsonaia batzuen jarreren eta bereizgarrien deskribapen zehatzak eta kultu katolikoaren eszenografian jarritako enfasiak eramaten gaitu, margolan honen kasuan bederen, Cadizen izandako atzerriko bisitari batek egindako enkargu baten aurrean gaudela pentsatzera. Halako enkarguek azalduko lukete Fernández Cruzado garai hartan Sevillako margolari garaikideek lantzen zuten moldeko lanak egitera lerratu izana; izan ere, Sevillako margolari horiek oso harreman estua zuten Cadizko hiriarekin kultura mailan eta, zalantzarik gabe, merkataritza mailan, merkataritza oso bultzatzen baitzuten hiri hartan egokitutako kontsul etxe atzerritarrek.

Fernández Cruzadoren aurreko etapa neoklasikotik eta akademikotik urrunduz, etapa horretan aurki baitaitezke Goyaren eta Vicente Lópezen oihartzunak, batez ere 1830eko hamarraldian landu zituen erretratuetan, ezaugarri argi eta garbi erromantikoak aurkezten ditu antzerki giroko obra honek bere kontzepzioan, hori bai, atzerriko begiradak baldintzatuta, egileak Cadizen bizi izan zuen trantsizio artistikoaren unea agerian utzirik. Ohitura eszenatzat har daiteke, kasu honetan erlijio eszenatzat, Andaluziako Erromantizismoko beste margolari batzuek lehendik landu zituzten konposizio batzuetako parametroei jarraiki. Andaluziako egile horien artean aipagarri dira José Domínguez Bécquer (1805-1841)--gai bera aurkezten duen litografia batzuen egilea da, antzeko elementuak eta konposizioa ageri ditu, eta aztergai dugun oihalaren data bertsuan ikusi zuen argia--, haren ahaide Joaquín Domínguez Bécquer (1817-1879) eta Antonio Cabral Bejerano (1798-1861) sevillarrak. 1840. urteko data duen obra hau artistak 59 urte zituenean landu zuen, bere heldutasunean beraz, Cadiz behin betiko bizitokitzat hartu zuen garaian. (Juan Fernández Lacomba)

Bibliografia hautatuta

  • Gaya Nuño, Juan Antonio. La pintura española en los museos provinciales. Madrid, Aguilar, 1964. p. 196, il.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 42, n° cat. 92. (Con el título Misa mayor en una iglesia andaluza, y atribuido a Joaquín Manuel Fernández Cruzado)
  • García Felguera, María de los Santos. Imagen romántica de España. Madrid, Ministerio de Cultura, 1981. p. 17. ( con el título Interior de una Iglesia). N° cat. 47
  • Imatge romàntica d'Espanya [cat. exp.]. Barcelona, Caixa de Pensions, 1982. p. 51. N° cat. 41
  • Arnáiz, José Manuel [dir.]. Cien años de pintura en España y Portugal, 1830-1930. Madrid, Antiquaria, vol. II, 1988. pp. 376-377.
  • Quesada, Luis. La vida cotidiana en la pintura andaluza. Sevilla, Fundación Fondo de Cultura de Sevilla, 1992. p. 169, lám. 171.
  • Gómez-Moreno, María Elena. Pintura y escultura españolas del siglo XIX. Madrid, Espasa-Calpe, 1993. pp. 172-174, 196-198.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2006. pp. 44-45, n° cat. 3.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Valencia, Consorci de Museus de la Comunitat Valenciana ; Caja Duero, 2006. pp. 44-45, n° cat. 3.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Salamanca, Caja Duero, 2007. pp. 44-45, n° cat. 3.
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 110-112, n° cat. 7.
  • Heidemann, Steen. The Catholic Priest : image of christ : through fifteen centuries of art. Monaco, Liamar, 2009. p. 170.