Lukreziaren heriotza lanerako zirriborroa - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Lukreziaren heriotza lanerako zirriborroa

Anonimoa, espainiarra

XIX. mendeko azken laurdena

Arkatza paperean

25,3 x 33,5 cm

XIX. mendearen azken laurdena

82/807

Lorenzo Hurtado de Saracho jaunaren dohaintza

Museora Eduardo Rosales margolari madrildarrak landutako obra balitz bezala iritsi bazen ere, oso aintzat hartu ditugu José Luis Díezek Rosalesek marrazkiei buruz egindako azterlana eta ondoren osatutako katalogo arrazoitua, eta ondorioz, zuhurki baztertu dugu lan honen egilea Rosales izatea. Díezen arabera, mendearen azken laurdeneko eredu estetikoetan prestatutako esku bati dagozkio marrazkiaren estiloa eta itxura, esku horrek ziurrenik Rosalesek landutako Lukreziaren heriotza obraren zirriborroa hartu zuen eredutzat. Castiella bilduman zegoen obra hori.

Bestalde, funtsean marrazkian ageri den inskripzio modernoan oinarritu ziren hasiera batean egilea Rosales zela ziurtatzeko; izan ere, José Villegas margolariak, Rosales miresten baitzuen eta haren laguna izan baitzen, pieza benetakoa zela ziurtatu zion Eulalia de Úrcolari, eta emakume horren bilduman bazen margolari madrildarraren beste obra bat, El Chocharro (Angelo haur calabriarra) izenburuko margolana.

Rosalesek 1871. urtean margotu zuen Lukreziaren heriotza, sei urte lehenagotik zuen ideia buruan, eta zirriborro eta estudio ugari egin zituen margolan horri begira. 1871ko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean Lehenengo Dominarekin saritu zuten obra hori, eta margolanak eragin handia izan zuen garaiko eta ondorengo artisten artean, esate baterako marrazki hau egin zuen egilearengan. Obra honetan erromatar patrizio Lukreziaren suizidioa irudikatzen da, bortxatu egin baitu Antzinako Erromako azken errege Tarkino Harroaren seme Sextok. Lukreziaren aitak eta senarrak jasandako desohorea garbitze aldera, Lukreziak bere buruaz beste egin zuen soinean sastakai bat sartuta. Irudikapenaren izaera epikoa sarritan izan da artearen historian sortzeko baliabide bat, balio moralen defentsaren sinbolo bat. (Javier Novo González, 2007)

Bibliografia hautatuta

  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 130-133, n° cat. 236.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 174, n° cat. 32-a. (Con el título La muerte de Lucrecia, y atribuido a Eduardo Rosales)