Lehoi emea, jarrita - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Lehoi emea, jarrita

Bonheur, Rosa

Bordele, Frantzia, 1822/03/22-Château de By, Thomery, Frantzia, 1899

Arkatza

21,8 x 29 cm

Rosa Bonheur (eskuineko beheko angelua)

c. 1890-1899

82/791

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

1860an, ordurako garaiko artista ospetsuenetakoa baitzen, Bonheurrek hiru hektareako lur eremu batez inguratutako gaztelu bat erosi zuen; etxebizitza eta lantoki bihurtu zuen. Fontainebleuko basoarekin muga egiten zuenez, sarritan egiten zituen txangoak inguruetan, eta lorategi zoologiko bat antolatu zuen animalia basatiekin eta etxekotutako abereekin, zaldiekin, txakurrekin, orein batekin, arkume batekin, tximino batekin, gazela batekin eta lehoi eme batekin; horiek guztiak modelotzat izan zituen artistak bere obra asko eta askotan.

Ildo horretatik, animalia horiei buruzko estudioak pizgarri eta denbora-pasa izan zituen Parisko setioak iraun zuen bitartean, Frantzia-Prusia gerraren testuinguruan. Garai hartan batik bat tigreetan eta lehoietan jarri zuen bere arreta guztia, eta Bonheurren maitale eta biografia egile Anna Klumpke margolariaren arabera garaiko hondamendien ondorio da Bonheurren ideia aldaketa hori. 1873an Bonheurrek Parisko Neguko Zirkuko Pierrette lehoi eme baten marrazkia landu zuen, eta sasoi batez Parisko Jardin des Plantesko basa animalien Etxean bizi ziren katuaren familiako animaliak zirriborratu eta irudikatu zituen. Ikusirik animalia horiek artistarengan sorrarazitako interesa, 1880. urte inguruan artistaren lagun Ernest Gambart arte salerosleak lehoi bikote bat erosten lagundu zion, baina Bonheurrek Jardin des Plantesko basa animalien etxeari oparituko zizkion hilabete gutxi batzuen buruan. Azkenik, 1885ean, lehoikume bat eskuratu zuen, Fathma, izugarri maite izan zuen, gazteluan barrena aske ibiltzen uzten zion, eta zenbaitetan baita berekin batera jostatzen ere. Hil zen arte, behin eta berriz irudikatu zuen Bonheurrek lehoi eme hori.

Lehoi emea eserita eta Lehoi familia izenburuko lanek agerian uzten dituzte Bonheurrek marrazkilari gisa zeuzkan dohain apartak. Trazu sendoekin eginak, bi estudio hauetan egileak ongi asko islatu ditu animalia basati batzuen edertasuna eta handitasuna. Naturaltasun handiz irudikatuta daude, areago kontuan badugu gisa honetako marrazkiak ahalegin handia eskatuko ziola egileari, ordu asko eman beharko baitzituen haien mugimenduak egokiro eta gertutik zaintzen eta aztertzen. Hala eta guztiz ere, erruz irudikatu zituen katuaren familiako animalia basatiak, eta 1900. urtean, artista hil eta urte betera, Fontainebleauko estudioan kontserbatzen zituen obrak enkantera eraman baino lehen, katuaren familiako animaliak irudikatzen zituzten hirurogeita hamasei olio pintura, hirurogeita hamazazpi akuarela, hiru gouache eta ehun eta hogeita hamabost pastel lan eta marrazki zenbatu ziren, landuago zeuden beste konposizio batzuk eta animalia horiek eszena konplexuagoetan kokatzeko erabili ohi zituen hogeita lau kalko kontuan hartu gabe. (Javier Novo González, 2007)

Bibliografia hautatuta

  • Roger-Milès, M. L. Atelier de Rosa Bonheur. Paris, Galerie Georges Petit, 1900. vol. II, p. 56.
  • Plasencia, Antonio. Catálogo de las obras de pintura y escultura del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Imprenta Provincial, 1932. p. 47, n° cat. 178. (Con el título Leona, y atribuido a Rosa Bonheur)
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 171, n° cat. 6-a. (Con el título Leona, y atribuido a Rosa Bonheur)
  • Ibiza i Osca, Vicent. Obra de mujeres artistas en los museos españoles : guía de pintoras y escultoras, 1500-1936. Alzira (Valencia), Centro Francisco Tomás y Valiente, UNED, 2006. p. 140.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 52-55, n° cat. 206. (Con el título Leona sentada, y atribuido a Rosa Bonheur)