Kontsuletxeko jaia - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Kontsuletxeko jaia

Losada y Pérez de Nenín, Manuel

Bilbao, 1865/10/16-Bilbao, 1949/10/09

Pastela

69,5 x 99,2 cm

Manuel Losada (eskuineko beheko angelua)Manuel Losada (eskuineko beheko angelua)

c. 1917

82/107

1932an eskuratua

El Noticiero de Bilbao egunkariak Delclaux aretoan zeuden Losadaren lanak oso ongi saltzen ari zirela jakinarazi zuen 1917ko maiatzean. Artikulu horren arabera, erakusketaren aurreneko egunean, Bilbo zaharreko gaiak aurkezten zituzten hogeita hamazazpi pastel lanetatik hogeita hamaika saldu zituen Losadak, eta beste hamazazpi lan gehiago egiteko eskaera jaso zuen. Kopuru horiek agerian uzten dute bazela Hiri zaharraren ikuspegi nostalgikoetan interesatuta zegoen merkatu bat; gainera, garai bertsuan gertaera ezohiko samarrak gertatu ziren, esate baterako, Bilbo zaharraren lagunak bezalako elkarte bat sortu zen. Horrek guztiak argi eta garbi erakusten du Losadaren obren arrakasta, izan ere, 1910. urtetik aurrera eta hogeigarren urte hasierara arte, urtero jarriko zituen bere lanak ikusgai Delclaux Aretoan. Margolan horien artean zegoen Kontsuletxeko jaia izenburukoa.

Kontsulatua, Kontratazio etxea eta lurreko eta itsasoko gizonen Epaitegia, Bilbo Hiriko portu jarduera kudeatu zuen erakundea izan zen 1511. urtetik 1829. urtean desagertu zen arte. Begien bistako denbora arrazoiak tarteko artista honek erakunde hori jardunean ezagutzeko aukerarik izan ez bazuen ere, erakundearen ospe historikoa nahikoa izan zuen erakunde horren ingurunea eta erakundearen jarduera batzuk irudikatzeko. Losadak Plaza Zaharrean girotu zuen hemezortzigarren mendeko itxura duen eszena hau, San Anton elizaren inguruan, historikoki botere politikoak, ekonomikoak eta erlijiosoak bat egiten zuten eremuan, mendeetan zehar hiriko bizitza sozialaren gune nagusia izan zen lekuan.

Losadak San Anton elizari atxikita zegoen Udaletxe zaharraren ikuspegi partziala eta tenpluaren oinetan zegoen (eta ez gaur egun bezala elizaren burualdearen oinetan) zubi zaharra erakusten ditu margolan honetan. Gainera, portuaren ikuspegi partzial bat bildu du obrara, bertan ikusten dugu ainguratuta Kontsulatuaren gondola ezaguna, gondola horixe baliatzen baitzuten erakunde horretako eta Udaleko kideek Corpuseko zortziurrenaren harira izaten ziren ospakizunetan. Egun alde hori guztiz eraldatuta dagoen arren, artistak ezin hobe ezagutu zuen eta bere aurrean eraldatu zuten ingurua birsortu zuen lan honetan. Agian aldaketa horiek guztiek eragin zuten egile honen oihaletara desagertu berria zen eta Erriberako kaleko beste atal bat bihurtu berria zen Plaza Zaharrean iraganeko garaietan izaten ziren jaiak behin eta berriz ekarri izana. (Mikel Bilbao)

Bibliografia hautatuta

  • Llano Gorostiza, Manuel. Losada. Bilbao, Espasa Calpe, 1975.. p. 175.
  • Bengoechea, Javier de. Catálogo de arte moderno y contemporáneo del Museo de Bellas Artes de Bilbao. Bilbao, Banco de Vizcaya, 1980. p. 79. (Con el título Fiesta del Consulado).
  • Galilea Antón, Ana María. "A propósito de las obras del Museo de Bellas Artes de Bilbao depositadas en otras Instituciones", Urtekaria 1992 : asterlanak, albistak = Anuario 1992 : estudios, crónicas. 1993. pp. 42-46.
  • Larrinaga Bernández, José Antonio. Manuel Losada, 1865-1949 : catálogo razonado : óleos, pasteles, dibujos. Bilbao, Asociación para el Estudio y Catalogación de los Artistas Vascos ; Galería Mun, 2004. pp. 150, 200, il. (Tiulada El paseo de los gigantes)
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 106-107, n° cat. 40.
  • González, Yolanda ; Ruiz, Rosa. La Universidad y Casa de Contratación de Bilbao : El Consulado de Bilbao [Folleto]. Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia=Diputación Foral de Bizkaia, 2011. p. 18.
  • Barañano, Kosme de ; Espel, Miguel. Manuel Losada : catálogo razonado. Madrid, El Lotófago, 2021. p. 188, il.