Izenbururik gabea (Hiru emakume) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea (Hiru emakume)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

25,9 x 33,4 cm

c. 1904-1909

88/45

1988an eskuratua

Paper zati bat eta bera erabili zuen Iturrinok hiru emakume plano eta jarrera ezberdinetan zirriborratzeko. Ez dago perspektibarik, hiru emakumeen artean ez dago talde loturarik bat ere, eta horregatik diogu paper zati hori emakumeen zirriborro berezituak lantzeko erabili zuela egileak, irudiak elkarren ondoan ageri direla soilik euskarrian aurrezteko. Aldi berean, tamainetan eta proportzioetan bat datozenez, baliteke emakume bat eta bera izatea. Izan ere, egile honen marrazkietan, grabatuetan eta margolanetan errepikatu egiten dira giza eredu batzuk, segur asko artista honek geroago beste euskarri batzuetara ikatz ziriaren eta olio pinturaren bidez eramango zituen eredu berak izango baitira.

Emakume horien irudiak amaitu gabe daudela ematen du, eskema gisara daude irudikatuta, ingeradak izan ezik, arkatza behin eta berriz pasa baitu egileak ingeraden trazua nabarmentzeko. Bestalde, puntu eta marratxo soilen bidez daude adierazita hazpegiak, eta tolesak eta jantzien eta orrazkeren ñabardurak ozta-ozta daude marraztuta irudiei gorputza eta presentzia emateko. Proportzioaren alorreko akats txiki batzuek XX. mende hasierara eramaten dute obra hau, 1904 eta 1909 bitarteko garai batera. Zirriborro horiek, berriz ere, zuhaitzez osaturiko azken planoaren aurrean erromerian diren emakumeez osaturiko taldeen konposizio tipikoen saiakera izan ziren, eta gogorarazi behar da ezinezkoa dela lan horietan bi emakume berdin aurkitzea. Iturrinok izugarri maite zuen emakumearen irudia, eta taldearen efektua biziagotuko zuten mugimenduak eta konposizioak landu zituen etengabe, horregatik ez dira bi emakume berdin ageri bere lanetan. Eta horregatik iritsi dira gure garaira hainbeste eta hainbeste eskema eta zirriborro, batzuk grabatu eta margolanetara eraman zituena eta bestetzuk txarretsi eta baztertu zituena.

Behe ezkerreko irudia izan zen grabatura eramango zuenetako bat, irudi horrek, aldaketa txiki batzuk tarteko, ezinbestean eramaten baikaitu Bilboko Arte Ederren Museoko bilduman (Neskak zelaian. 83/159. Inb. zk.) eta Bruselako Bibliothèque Royale Albert liburutegiko bilduman dauden gisa honetako talde konposizioa aurkezten diguten bi akuafortetara. (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 214.
  • Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 214.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 86-87, n° cat. 31.