Izenbururik gabea (Bost emakume eta galgo bat) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea (Bost emakume eta galgo bat)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria eta koloretako arkatza

35,7 x 48,1 cm

F. Iturrino (eskuineko beheko angelua)

c. 1902-1908

88/49

1988an eskuratua

Paisaia eta emakumeak, Iturrinoren obran bi motibo nagusiak, harmonia bikainean ageri zaizkigu marrazki onen aurkian: antza erromerian dabiltza bost emakume txakurra lagun dutela. Konposizioaren ardatz nagusi gisa bi emakume sendo ageri dira beren peinetekin eta txalekin jantzita, eta beste bi aurreko bien inguruan daude belarretan eserita. Animaliak eta bosgarren emakumeak, era berean oihal aberatsekin jantziak, konposizioaren eskuinaldea hartzen dute, ezkerreko irudi ugariek eratzen duten orbanaren aurrean kontrastea eginez. Gibelaldeko planoan ageri diren adaburuek ixten dute konposizioa.

Bi dira marrazki hau berezi egiten duten ezaugarriak. Alde batetik, paperaren ifrentzuan kontserbatzen den konposizio eskema beraren zirriborroa dugu, trazu urri horiek erdizka ikusten uzten baitute Iturrinoren lan sistema. Bertan ozta-ozta garatu zuen marrazki nagusiko ezker angeluko emakumearen irudia, eta gero areago murriztu zuen tamainaz eta konposizioan hartuko zuen indarraz. Hala eta guztiz ere, bigarren ezaugarria da marrazki hau benetan berezi egiten duena; izan ere, ohi ez bezala, marrazkia sinatuta ageri da behe eskuineko angeluan. Iturrinok oso marrazki gutxi sinatu zituen, gehien-gehienak bere ibilbidearen hasieran, agian Elviro Gonzálezen tailerrean (Bilbo), Bruselako Académie de Saint-Josse-ten-Noode akademian eta Lorrand estudioan eta Gustave Moreauk Parisen zuen estudioan jasotako pintura eskolen akademizismoak bultzatuta. Nolanahi ere den, obra sinatu zuenez, egileak obra osotzat eta amaitutzat zuela pentsatu behar dugu.

Landa paisaiek, erromeriek eta manolek Espainiako hegoaldera garamatzate, seguruenik Sevillara, bertara joan baitzen lehenengo aldiz 1902an eta hainbat aldiz 1910. urtera arte. 1902an, Bruselara eta Parisa joateari utzi gabe, aldi baterako bizitokia hartu zuen Sevillan, han izan zen Ignacio Zuloaga margolariaren bizilaguna, eta sarritan izan zen Miuratarren landetxean. Garai hartan, Sevillako herri giroak eta batez ere Zuloagaren eta bere obraren aurreko gogaidetasunak eraman zuten Iturrino margolari eibartarrak lantzen zituen obren antzeko lanak egitera. Bestalde, 1904 eta 1908 bitartean hainbat aldiz izan zen Iturrino Kordobako hirian. Andaluziako landa eremuko bizimodua gertutik ezagutu zuenez, Iturrino oso gerturatu zen festa nazionalera eta ferietarako eta erromerietarako zezenak eta zaldiak hazteko eta hezteko jardunetara, eta bere obran jaso zuen tematika hori, animaliak sartu zituen bere lanetan. Garai hartako margolanetan zezenak, zaldiak eta txakurrak irudikatu zituen batez ere, giza irudien pareko garrantzia hartuko zuten egilearen konposizioetan. Marrazki honetan galgo lirain bat dugu ondoan dituen emakumeen solasaldia erne jarraitzen ari den animalia. Irudien konposizio hauxe bera eta tamaina berarekin errepikatu zuen Iturrinok akuaforte bat lantzeko plantxa batean; obra hori Bilboko Arte Ederren Museoan dago gaur egun (Manolak. 83/161. Inb. zk.). (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 206.
  • Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 206.
  • Marrazkiaren artea, marrazkia artean = El arte del dibujo, el dibujo en el arte [Cat. exp.]. Bilbao, Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa = Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2005. pp. 120-121.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 82-83, n° cat. 29.