Izenbururik gabea. (Bizkarrez makurtutako emakumea) - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Izenbururik gabea. (Bizkarrez makurtutako emakumea)

Iturrino González, Francisco

Santander, 1864/09/09-Cagnes-sur-Mer (Frantzia), 1924/06/21

Ikatz-ziria paperean

29,2 x 24,7 cm

c. 1909-1911

88/50

1988an eskuratua

Emakumea airean dagoela ematen du, jarrera bihurrian ageri zaigu landare paperean, ozta-ozta heltzen dio orekari hatz puntek eta oinetako puntek marrazten duten diagonalari esker. Profilak ongi markatuta dituela eta bolumen handiak, egilearen margolanetik oso gertu dagoen plastikotasuna iristen du motibo txiki honek, hein batean plano ezberdinak eta jantzien tolesak eta emakumearen orrazkera nabarmentzen dituzten ikatz ziriz egindako trazu sotilei esker. Zalantzarik gabe, 1909 eta 1911 bitartean egin zuen zirriborro hau Iturrinok, gerora onduko zituen hainbat margolanetarako lehen marrazki gisa, besteak beste, Emakume andaluziarrak taldean eta Garbitzaileak izenburuetako lanak ontzeko, azken hori Ambroise Vollard arte saleroslearena izandakoa, margolariaren obra miresten zuenez artista horren obren bilduma handienetako bat osatu baitzuen Iturrino artean bizi zelarik; bilduma horren zati bat Réunion uharteko (Afrika) Musée Léon-Dierxs museoan dago ikusgai gaur egun. Gainera, egileak egindako probetan eta saioetan motibo bera erabili zuen grabatu lanetan, Bilboko Arte Ederren Museoko bildumako akuaforteak (83/140. eta 83/167. Inb. zk.) eta Bruselako liburutegikoak eta bilduma partikular batzuetan jasotakoak erakusgarri.

Francisco Iturrino 1902. urtean joan zen lehenengo aldiz Sevillara, eta erabat liluratu zuten hegoaldeko argiak eta hango erromerien eta herri jaien kulturak. Lurralde hartako herri bizimoduaren aurrean bizi izan zuen erakarriaren erakusgarri dira tematika hori ardatz hartuta landu zituen obra ugariak. Besteak beste Sevilla, Kordoba eta Malagako probintziak bisitatu zituen, eta horietan guztietan hartu zuen bizitokia. Zezenketen inguruan zutik ageri diren emakumeez eta gizonez osaturiko konposizioak konposizio konplexuago eta nabarrago bihurtu zituen egileak pixkanaka, gizonen irudia desagerrarazi zuen protagonista emakumea izateko, emakumea baita egile honen obran motibo nagusia. Parisera sarri joaten zenez eta d'Automne Erakusketetan ikusgai jarritako obrek artistarengan eragin handia izaten zutenez, bere irudietan handitu egin zituen bolumenak, lausotu egin zituen ingeradak eta leundu eta nahasi egin zituen pintzelkaden koloreak.

Segur asko Cézanneren saiakuntza artistikoek eta kubismoaren hastapenek eraginda, Iturrinoren piramide formako konposizioak --funtsean zelaian diren emakumeen irudiek osatuak-- oso konplexu bihurtu ziren, abstrakzioranzko bidea hartu zuten. Horretarako, zirriborro ugari egin zituen Iturrinok lortu nahi zuen mugimendu zehatza erdietsi arte. Honenbestez, zirriborro honetako irudia guztiz bat dator Vollarden margolaneko erdiko irudiarekin. Emakumea bihurtzen da bolumenen nahasmendu horretan epizentro, urratu egiten du konposizioko diagonal nagusia, eta aldi berean nabarmendu egiten da margolanean bere alkandoraren kolore beroari esker, gainerako irudien urdin hotzekin kontraste bizia eraginez. Beste horrenbeste gertatzen da grabatu lanetan, emakume horrek berak, lehen lerroan kokatuak, konposizioko gainerako elementuak artikulatzen baititu, Museoan dauden bi akuaforteetan egiaztatu daitekeen bezala (Basoan, 83/167. Inb. zk. eta Ibaian, 83/140. Inb. zk.) (Helena López Camacho, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Joos, Petra. Francisco Iturrino, 1864-1924 [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 1996. p. 210.
  • Cat. Francisco Iturrino. Donostia-San Sebastián, Fundación Social y Cultural Kutxa, 1996. p. 210.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 90-91, n° cat. 33.