Hiru erpineko diadema duen eskaintzailea - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Hiru erpineko diadema duen eskaintzailea

Anonimoa, III-II. mendeak, K.a.

Brontzea

14,4 x 7,2 x 6,1 cm

82/919

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Emakume baten irudia, zutik. Mahukarik gabeko tunika luze batez jantzita dago, tolesak bertikalak dira, eta tunika bularren azpitik du xingola ildaskatu baten bidez lotua. Jantzien azpitik ageri dira oinetako puntak. Tunikaren gainean buruaren atzeko aldetik jaisten den eta bizkarraldean ireki egiten den mantua du, ezkerreko besoarekin biltzen du. Laminarra da obraren egitura, ahurra du bizkarraldea, eta horrek nabarmendu egiten du formen kurbadura orokorra. Ezkerreko besoa gorputzari itsatsita du mantuaren azpian, eta ukondotik tolestuta du besaurrea aurrerantz zabalduta irteten uzteko. Ezkerreko esku horrek pixide bati heltzen dio, edo agian intsentsua edukitzeko acerrari. Goratua du eskuineko besoa, aurrerantz, eta gopor lau bati eusten dio, azalean elkarren artean gurutzatzen diren bi marra sakon dituela. Eskuak irudikatzeko erak --hatz motzak eta elkartuak, oin zabaleko eta mutur zorrotzeko erpurua gorantz nabarmentzen dela-- ohiko ereduari erantzuten dio italiar brontze hauetan. Eskuinetarantz biratua du burua, eta oso proportzio harmoniatsuak irudikatzen ditu. Diadema erdizirkular bat du buruan, ebaki bertikalen bidez dago apainduta, eta hiru punta ditu, bi kamutsak (belarrien inguruan) eta bat luzanga diademaren erdialdean, goiko muturra galdua duela ematen duen arren. Orrazkera erdialdera banatuta dago aurpegia inguratzen duten bi kiribildura masa osatzeko; ile xerlo batzuk sorbalden gainera erortzen zaizkio. Aurpegian sudur eta aho txikiak; globulu formakoak ditu begiak, bekain lodien beheko aldean ditu sartuta.

Oso egoki daude irudikatuta jantzien tolesak, baina gibelaldean erliebe txikiagoa dute. Hazpegiak neurrian ditu irudikatuta, ederra dela esan liteke. Ale hau mota honetako onenetakoa dela esan dezakegu bai gure bilduman bai ezagutzen diren beste obra batzuen artean ere. Madrilgo Museo Arkeologiko Nazionalean kontserbatzen diren aleen kasuan guztiak dira jatorriz Italiakoak, edo jakina da Italian osatutako bildumetatik iritsiak direla, eta beraz, eredu hori iberiar giroetan sartu zela agerian uzten duten lekukotasunak izan daitezke. Eskuineko esku irekiaren gaineko goporra baizik falta ez zaion oso antzeko pieza bat izan zen Antonio Vives Escudero jaunaren bilduman, Florit jaunari eskaini zion beste pieza baten truke eskuratu zuen, Madrilen. Hura ere segur asko Italiatik iritsiko zen.

Eskaintzaile hauek, koroa puntadunekin edo trapezoide itxurako puntekin ageri direnak, ezkerreko eskuan pixide bat eta eskuineko esku irekian gopor bat daramatzatenak, oso arruntak dira emakumezkoen irudietan eta gizonezkoenetan, tunikak laburragoak izateagatik bereizten dira batzuk, eta ez gutxi soina biluzik dutelako, tabenna sorbaldan behera erortzen zaiela gerrialdean biltzeko. Hala eta guztiz ere, Despuig kardinalak lortutako sortan ez dago gizonezkoen irudirik, katalogo honetako 78. zenbakikoa alde batera utzirik, azken hori bi zangoen gainean zutik ageri diren irudien taldean ez baizik ez beste talde batean sailkatu beharra baitago mugimendua adierazten duen jarreran dagoelako.

Emakume eskaintzaile mota hau oso arrunta da Italiako bilduma guztietan, Junoren ustezko irudikapenekin lotu ohi da, baina aldean objektu berdinak daramatzaten tamaina naturaleko botozko eskultura partikularrak badaudenez, jantzi eta jarrera horiek emakume jainkozaleek ere beren egiten zituztela ondorioztatu daiteke, ez baitzuten eskuarki jainkosei gordetako diadema, hainbat motiborekin dekoratua, erabiltzeko zalantzarik egiten. Kalitate handiagoko ale jakin batzuk ere Junoren irudikapentzat hartu ohi dira funtsean diademaren forman oinarrituta.

Milango Museo Zibiko Arkeologikoan hainbat dira burugaineko erradiala eta goporra dauzkaten emakume eskaintzaile motak, obra helenistikoen artean daude sailkatuta, eta K.a. III. eta II. mendeetan daude datatuta. Veronako Arkeologia Museoan sei dira antzeko ezaugarriak dauzkaten aleak (A4,372, A4,376, A4,374, A4,377, A4,378 eta A4,375. Inb. zk.), baina horien artean estilizazio maila ezberdinak daude. Ez da ezagutzen horien guztien jatorria, ez dago ale horiek giro eta eskualde jakin batean kokatzerik, baina Po ibaiaren haranean aurkitu zituztela pentsa genezake. K.a. II. mende inguruan datatu dira, eta Pesaroko eta Chiusiko museoetan dauden antzeko sortekin alderatzen dira. Cristofaniren arabera, antzeko ale baten berri eman baitzuen, K.a. III. eta II. mendeetara aurreratu behar da aipatu data.

Kalitate estetiko handieneko eta kontserbazio egoera oneneko prototipoa Florentziako Arkeologia Museoan dagoen alea izango da seguruenik. 26 cm garai da, eta beraz, xehetasun guztietan kalitate handia iristeko moduko tamaina erdiko brontzeen artean sailkatzen da. Aurpegiaren fisonomiagatik, gorputzaren egitura laminarragatik eta jarrera orokorragatik, zalantzarik gabe Nemitik iritsitako sorta bateko irudiak dira aipatu alearen paralelo gertukoenak. Nemitik iritsitako ale sorta hori Londresko antigoaleko gauzakien denda batean egon zen salgai joan den mendearen hasieran. Despuig kardinalak Nemin bideratu zituen jarduera arkeologiak gogoan hartuta, esan dezagun ale hori eta jarraian aurkeztuko ditugun beste pieza dezente era beren han aurkitu zituztela XVIII. mende amaieran. Kontuan izanik hain zuzen ere sorta horixe izan dela obrak datatzeko eta estilo batean kokatzeko garaian eztabaida bizienak sorrarazi dituena, komenigarria iruditzen zaigu haiei buruz dakigun guztia berraztertzea.

1908. urtean Spink jaunaren ahotik jasotako informazioaren arabera, Londresen zuen dendan baitzituen ale horiek salgai, Nemi aintzirako "galera" batetik berreskuratu zituzten. Ontzi horiek Kaligularen (haren izena daramaten hodi batzuk aurkitu zituzten) proiektu zentzugabeetako batera bildu behar dira: itxura batean aintziran ainguratutako oso gabarra zabalak dira ontzi horiek, haien gainean benetako jauregiak eraiki zituzten.

Arrantzaleek sareetan katigatuta ekarri ohi zituzten ontzi horien hondakinak, hain baitziren ugari. 1446. urtean Prospero Colonna kardinalak ingeniari mekanikari Leon Battista Albertiri eskatu zion ontziak ur azalera ekar zitzala. XVI. mendean "urpeko arkeologiaren" aurreneko saioak bideratu zituzten bertan uretan murgiltzeko kanpai batez lagundurik, eta XIX. mendean oso aztarna garrantzitsuak berreskuratu zituzten, tartean egun Erromako Museo Nazionaleko Massimo Jauregian dauden pieza batzuk. Aurkikuntza horien ospeak justifikatzen du Spink jaunaren irudiak Kaligularen ontziekin lotu izana eta Erromatar Inperioaren garaiko kronologia eman izana; gainera, estilistikaren ikuspuntutik batere egokiak ez diren konparazioak gehitu zituzten. Testuinguru arkeologikoek zehatz datatutako beste ale batzuekin alderatuta, eta kontuan izanik ale batzuek etruriar inskripzioak dauzkatela, K.a. III. edo II. mendean datatu dira, baina ez dira azaltzen pieza horien jatorria Inperioko ontzietan kokatzeko arrazoiak. Une honetan, Nemin XIX. mende amaieran bideratutako indusketa lanak berraztertzen ari diren honetan, jakin ahal izan da Eliseo Borghik (Nemi aintziraren jabe Orsini familiak ondasun horiek berreskuratzeko baimena eman baitzion) beste indusketa lan batzuk bideratu zituela ondoko Diana Nemorensis santutegian, eta beraz, 1908. urtean antigoaleko gauzakien dendan zeuden brontzeak, Borghiren lanen emaitzatzat hartuak, egiazki santutegitik iritsiak direla ondorioztatu daiteke, eta ontzi ospetsu horietatik hurbil aurkitu izanagatik azaldu zutela ontzietan idoroak izan zirela. Borghik bideratu zituen indusketa lanak Despuig kardinalak 1789 eta 1792 bitartean arakatu zituen mahasti berberetan eraman zituen burura. Despuigek marmolezko eskultura ugari aurkitu zituen han, eta bigarren mailako aurkikuntzatzat izango zituen lan horietan azaleratutako brontze txikiak.

Tamaina handiko eskultura batek eta zazpi brontze txikik osatzen zuten Spink jaunak eskuratutako sorta. Eskultura handia Londresko British Museum museoak erosi zuen 1921ean, eta beste aleak urte hartatik aurrera egindako hainbat enkantetan ikusi ahal izan dira. Christie's etxeak 2004ko ekainean egindako enkantean eskainitakoa izan da jendaurrean aurkeztu den azken alea [33. ird.]. Erabatekoa da gure brontzearen eta Nemiko irudien arteko lotura, gureak egitura laminarra du eta aipatu santutegiko obra askok eta askok ere bai, eta hazpegiak ere oso antzekoak dira bildumako beste aleenekin alderatuz gero. Antzekotasun horiek guztiak kontuan izanik, esan dezagun Despuig kardinalak bideratutako indusketa lanetan azaleratu zirela gure otoizlaria eta katalogo honetako 9, 60, 71 eta 79. zenbakiko aleak. Guztiek partekatzen dute halako estilizazio laminarra eta gaur egun oso erakargarria egiten zaigun estiloa. Giacometti bezalako garaiko eskultoreentzat ere oso erakargarria izango zen, baina aurkikuntza egin zuten unean eta ondorengo sakabanaketan landugabetzat edo "barbarotzat" hartuko zuten agian, gisa horretan kalifikatu baitzituzten ale horietako batzuk garaiko jakintsuek. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 351-358, n° 66.