Herakles, lurrera botatako etsai bat jotzen - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles, lurrera botatako etsai bat jotzen – 82/877

Anonimoa, IV. mendea, K.a.

Brontzea

10,35 x 3,47 x 1,4 cm

82/877

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Herakles zutik. Bi hanka zoruan ongi finkatuetan hartzen du atseden, eskuinekoa apur bat atzeratua eta oina kanpoko alderantz jarria, eta ezkerrekoa pixka bat aurreratua eta tolestua, oina ezkerretarantz. Hankak, irudiaren anatomia osoa bezala, muturreraino daude estilizatuta, filiforme deritzen etruriar irudien gisara, baina egoki daude adierazita gorputz ataletako artikulazioak. Gorputzean ongi markatuta dago gerria, eta barrabilak eta zakila buruz behera jarritako triangelu baten forman daude irudikatuta. Hotzean egindako ebaki zirkular biren bidez daude adierazita bularrak. Ezkerretarantz inklinatuta daude sorbaldak, eta besoak inklinazio hori luzatzeko moduan daude zabalduta, marra jarraitua eratuz. Eskuineko besaurrea goratuta du, ukabila itxita, eta bertan makilaren abiapuntua antzematen da. Ezkerreko besoa hautsita dago ukondotik behera, eta beraz ez dago jakiterik leonterik zuen ala ez. Lepoa zabala da abiapuntuan, bat egiten du sorbaldekin, eta burua pieza independente bat balitz bezala dago egokituta haren gainean. Arrautza formakoa du burua, zorrotzago kokotsean, biribilago burezurrean, aurreko aldean modu erradialean antolatutako ildaxka sakonekin, atzeko aldean gurutzatzen direlarik. Txikiak dira hazpegiak, sudurra zuzena eta lodia, ahoa erdi irekita, eta begirada ezkerreko besoak adierazten duen norakoan jarrita.

Irudiak, oro har, oso itxura harmoniatsua eta erakargarria du, etenik ez duten kurbek mugatzen dute ingerada, eta proportzioen mehetasun orokorrak garaiko gustuak horren estimu handian zuen etruriar artearen produkzioaren zati bati berezkoa zaion adierazkortasun modernoaren efektua eragiten du. Ikonografiaren tipologia aurreko piezenaren antzekoa da, eta beraz, alde estilistikoak kontuan harturik, guk uste dugu etruriar obra bat dela, dagoeneko lurrean datzan arerio bati azken kolpea emateko unean dagoen Heraklesen ereduari erantzuten diolarik. Frantzian dagoen italiar jatorriko ale batean aurkitzen dugu gure brontzearen paralelorik hurbilena. Crécy-sur-Serre herrian aurkitu zuten, hori ere oso argala da eta eskuineko besoa egokiera berean du. Ezaugarri bertsuak dituen beste pieza batek kontserbatu egiten du makila eskuineko eskuan, baina guztiz galdua du ezkerreko besoa. Burezurra garaia du, sabelduna, begirada beherantz.

Kontuan izanik irudi hauek antza Gerionen idien lapurretaren eta garraioaren pasartearekin duten lotura, baliteke oinetan duen pertsonaia Gerion bera izatea, edo Kako, Herakles Kakoren aurka borrokatu baitzen pasarte berean, eta pasarte horrek tradizio handiagoa baitu Italiako giroetan. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 234-236, n° 33.