Herakles erasotzailea, lantza eta beso gaineko leontea dituena - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Herakles erasotzailea, lantza eta beso gaineko leontea dituena – 82/917

Anonimoa, IV-III. mendeak, K.a.

Brontzea

10,55 x 5,27 x 2,1 cm

82/917

Manuel Taramona jaunaren alargun Mercedes Basabe andrearen dohaintza 1943an

Heraklesen irudia, zutik. Ezkerreko zangoa aurreratuta du eta apur bat tolestuta, bertan hartzen du atseden gorputzak, eta ezkerrekoa atzeratuta du, hautsia duen oinaren puntak baizik ez zuen zorua ukituko. Irudiaren hanken jarrera oso adierazkorra da, baina soineko muskulaturaren trataera geometrikoegiak indarra kentzen dio. Soina hiru zerrenda horizontaletan dago banatuta bularrak, gerria eta aldakak markatzeko, muturrak oso nabarmenak direla. Hala eta guztiz ere, egileak beste ñabardura anatomiko batzuetan jarri zuen arreta, eta titiburuak eta zilborra ditu irudikatuta zulo zirkular txiki batzuen bidez, baita zakila eta barrabilak ere ongi asko bereizita, gisa honetako brontze txikietan ohikoa ez den modu batean. Laua da irudiaren egitura, laminarra ia, eta bizkarrak mugikortasun sentsazioa emendatzen duen sarrera kurbatu antzeko bat eratzen du. Eskuineko besoa eskuinetarantz eramana du, lerro zuzena marrazten du sorbaldarekin, eta besaurrea gorantz du, ukabila itxita, bertan aparteko pieza batean landutako lantzaren kirtena igaroko zen zuloa kontserbatu duela. Aurrerantz luzatuta du ezkerreko besoa, ukabila itxirik eta apur bat tolestuta leonteari eusteko; besaurrean edukiko zuen, arrastoren bat hauteman daiteke, eta era berean aparteko pieza bat izango zen, ziri batez lotuko zen. Lepo luzea du, eta liraina ere ematen du sorbaldekin elkartzeko erabat loditzen bada ere. Soinetik abiatzen den lautze orokorraren ondorioz disko formako burua du, eta hazpegi handiegiak ditu, batez ere beherantz luzatutako begiak. Ileek aurpegi osoa inguratzen diote, baina ez dago ildoen eta kizkurren arrastorik bat ere.

Ale honen eta aurreko bien arteko erlazio formalak agerikoak dira, eta beraz, oso pieza hurbilak dira ikonografiaren konposizioaren eta estiloaren ikuspegietatik, baina pieza honen egileak adierazteko gaitasun askoz ere handiagoa du, bizitasun eta mugikortasun handiagoak eman dizkio irudi honi. Ñabardura anatomikoak nabarmentzeko egilearen gustuak eta lantza eta leontea aparteko piezetan lantzeko erabakiak lan zainduago bat salatzen dute. Horrek ez du esan nahi aurrekoekin erlazio kronologikorik ez duenik, prototipo bat eta bera lantzeko moduan gertatzen diren aldaketak baitira. Eta ez dago argudiatzerik bestelako tailer bat iradoki dezaketen paralelo formalik ere. Horrenbestez, aurrekoekin batean sailkatu liteke honakoa, samnitar taldearen baitan, K.a. IV. mendearen azken laurdenean. Nolanahi ere den, irudia lautzeko moduak, itxura batean Nemitik iritsi diren bildumako beste pieza batzuen oso antzekoa baita, eramaten gaitu lantza bat lagun erasoa jotzen ari den Herakles mota hau latindar lurraldean eta IV. mendean sortua dela proposatzera, agian, jada III. mendean, antza batik bat lurralde horretan lantzen zituzten irudi laminarren trataera estilistikora egokitzeko. (Ramón Corzo, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Corzo Sánchez, Ramón. "Bilboko Arte Ederren Museoko antxinako brontzeak : Taramona-Basabe bilduma = Bronces antiguos del Museo de Bellas Artes de Bilbao : la colección Taramona-Basabe = Antique bronze figures at The Bilbao Fine Arts Museum : Taramona-Basabe Collection", Addenda, n° 1. 2011. pp. 223-226, n° 30.