Gurutzetik jaitsiera - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Gurutzetik jaitsiera – 82/825

Anonimo italiera

XVI mendearen amaiera

Tinta sepia arkatz eta urkolorea

39,6 x 21,6 cm

Sinadura apokrifoa dauka: Roselli (ezkerreko behe-angelua)

82/825

María de Arechavaleta andrearen legatua, José Palacio jaunaren bildumakoa, 1954an

Marrazki hau 1926an Boussac bildumaren enkantean erosi zuen José Palaciok Cosimo de Lorenzo Roselli margolari florentziarraren (1438- 1507) obra gisa. Marrazki honen egilea Florentziako esparruaren barnean sar badaiteke ere, manierismo aurreratuaren forma ezaugarriak aurkezten ditu, eta horrenbestez, Roselli baino geroagoko data batekoa izango litzateke, XVI. mendearen amaierakoa, hain zuzen ere.

Gurutzetik Eraiste hau aldareko pala baterako prestatze zirriborroa izan liteke, goiko aldean erdi puntuko arkuan errematatua. Guztiz argi bereizten diren bi ataletan banatua dago eszena, goikoan eta muino baten gainean, Kristoren gorputza guztiz diagonalean gurutzetik jaisten ari dira eta San Joanek hartzen du. Beheko aldean ezkerraldean, komisio-emailearen irudia ageri da, haren ondoan aingeru bat, eskema piramidalean dagoen talde trinkoa seinalatzen, Ama Birjina konortea galduta eta emakume sainduak hari eusten. Hondoan, arin zirriborratuak ageri dira paisaia menditsu bat eta Jerusalen hiria; hartan Salomonen tenplu biribilaren eraikina bakarrik nabarmentzen da ezkerraldean.

Ugari dira artista anonimo honek konposizio hau egiteko erabiliko zituen inspirazio iturriak. Goiko aldeko taldetik estanpa bat kontserbatu da, Rafaelen (Urbino, 1483- Erroma, 1520) lanetik abiatuta Marcantonio Raimondi (c. 1480- 1534) boloniarrak grabatu zuena. Konposizio eskema berdina aurkezten du eta marrazkiarekiko alde bakarrak dira Kristoren jarrera eta San Joanen irudia, hartan, San Joanek gorputza gurutzearen oinetan hartu beharrean, ezkerreko eskaileraren gainean ageri da, jarrera berdinean eta jantziak haizeak astinduta. Ama Birjinaren eta emakume santuen taldeari dagokionean, aipatzekoa da oso lotura estua dagoela, irudi alderantzikatuan, obra honen eta Galleria Borghese galeriako Hileta izenekoaren artean, Rafaelek margotua 1507. urtean. Londresko British Museum museoan dago talde horren prestatze marrazkia.

Bestalde, ezin da ahantzi 1505. urteaz geroztik, 1500. urtean Filippino Lippiri eskatutako eta Peruginok bukatutako gurutzetik Eraiste bat dagoela Annunziata elizan, gaur egun Florentziako Akademiako Galerian. Marrazki honen egilea ezagutuko zuen agian Peruginok. Era berean, kontuan hartzekoa da Museoko marrazkiak izan dezakeen erlazioa, Manuela Menak ondo asko esaten duen bezala, Pedro Machucak (Toledo, XV. mendearen amaiera- Granada, 1550) Italian 1547. urtean margotu zuen eta Prado Museoan dagoen gurutzetik Eraistearekin. (Ana Sánchez-Lassa)

Bibliografia hautatuta

  • Collection M. J. Boussac. Catalogue des dessins et aquarelles des ecoles francaises & etrangeres du XV au XIX siecle. Enluminures. Galeries Georges Petit, Vente 10 et 11 mai 1926. Paris. p. 14, n° cat. 115.
  • Lasterra, Crisanto de. Museo de Bellas Artes de Bilbao : catálogo descriptivo : sección de arte antiguo. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1969. p. 176, n° cat. 51-a. (Con el título Descendimiento de la cruz, y atribuido a Cosimo de Lorenzo Roselli)
  • Dibujos y grabados, siglos XV-XVIII : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2005. pp. 28-31. (Como Anónimo florentino de fines del siglo XVI)