Emakumearen erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Emakumearen erretratua – 82/621

Inglada, Francesc

Bartzelona, 1850 - Bartzelona, 19/03/1903

Giuache, ikatz-ziria eta grafitoa

30 x 21,2 cm

F. Ynglada (eskuineko goi-angelua)

1895

XIX. Mende amaiera

82/621

Laureano de Jado jaunaren legatua 1927an

Ingladaren obra ezagun urrien artean, berezia da 1895ean datatutako marrazki hau, egileari ezagutzen zaion azken lana baita. Emakume gazte bati albotik egindako erretratua da: ileak begizta batean ditu bilduta, krabelin zuri bat izan daitekeenarekin apainduta, eta ile mototsa sorbaldaren gainera erortzen zaio leunkiro txal bat izan daitekeenarekin nahasten den arte. Zalantzarik gabe, olio pintura bat lantzeko zirriborro bat izan liteke obra hau, eta olio pintura horretako irudiak antz handia izango zuen Emakumea euritakoarekin bezalako obrekin, izenburu hori duen obran gorputz osoko emakumea aurkezten baitu egileak txal batez jantzirik eta euritako bati eusten diola, eta Andaluziako gaiak aurkezten dituzten beste obra batzuekin. Zentzu horretan, Ingladaren obretan garrantzi berezia izan zuten arropek eta orrazkerak.

XIX. mendean zehar aldaketa handiak izan ziren emakumeen jantzietan. Alde batetik, aurrez prestatutako arropa saltzen zuten biltegiak azaldu ziren, eta bestetik, ugaritu egin ziren modari emandako aldizkariak, eta horri esker zabalkunde handia izaten zuten merkatuak sasoi bakoitzean eskaintzen zituen berritasunek. Ez da ahantzi behar norberaren eta familiaren irudia arropan islatzen zela, aurreko garaietan bezala. Horregatik, hain zuzen ere, jantzi jakin batzuk aukeratzen ziren egokiera bakoitzerako: ibiltzeko, jaietarako eta ospakizunetarako, etxeko lanak egiteko, bisitak egiteko eta hartzeko, kafearen eta txokolatearen inguruan arratsaldea emateko, eta abar. Jarduera horiei guztiei begira bikaina behar zuen izan trajearen, buruko zapiaren eta orrazkeraren arteko konbinazioak, baita eskularruak, kapelak, eguzkitakoak eta haizemaileak bezalako osagarrien arteko konbinazioak ere. Gizarte maila ez horren aberatsean ere bestelako arropak erabiltzen zituzten lanegunetan eta jaiegunetan, hori bai osagarri eta material askoz ere gutxiagorekin.

Francesc Ingladaren garaikide batzuek, esate baterako Román Riberak eta Francesc Masrierak, emakume gazteen erretratuak landu zituzten, eta horietan aipagarri dira oihalen, muselinen eta larruen kalitatea, betiere gizarte maila jakin bat irudikatzeko asmoarekin. Gisa horretako irudikapenetan Bigarren Inperioaren garaiko emakumeari berezkoa zitzaion sofistikazioa bilatu nahi izan zuten. Eredu horrek XIX. mendearen amaierara arte iraun zuen Raimundo Madrazo eta Alfred Stevens bezalako margolariei esker. (Olatz Irijalba Claramunt, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 32-33, n° cat. 5.