Delirium tremens - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Delirium tremens

Valle y Rossi, Adriano del

Sevilla, 1895/01/18 - Madril, 1957/10/01

Collagea paperean

25,6 x 17,6 cm

Adriano del Valle (autografoa, babes-kartoiaren atzeko aldean itsatsitako txartel batean)

1934

96/21

Guillermo de Osma galeriaren dohaintza 1996an

Idazlea izateaz gain, nolabaiteko garrantzia izan zuen obra plastiko baten egilea ere izan zen Del Valle. Obra horretan, olio pinturen eta akuarelen gainetik, batik bat collageak nabarmentzen dira, izate surrealistako obrak, askotan Alfonso Buñuel aragoitarrak egindakoekin lotu direnak. Harekin batean, Espainian collage surrealistaren ordezkari handienetakotzat hartu da Del Valle. Hogeigarren urteen amaieran edo hogeita hamargarren urteen hasieran egin zituen bere lehen lanak, eta halakoak egiten jarraitu zuen bere azken egunetaraino. "Collagearen osatze prozesua -idatzi zuen- zeta harrak bere kapsula ederraren barnean izaten duenaren antzekoa da; etenik gabe irun eta fin irun gainera. Honako dohain hauek behar dira nahitaez: irudimena, memoria, ikus memoria, gauzen zentzu plastikoa eta lirismo handia, irudikatu daitezkeen formen mundutik aterako gaituena". Bereak osatzeko, XIX. mendeko grabatu zaharretatik, katalogoetatik eta aldizkarietatik moztutako irudiak erabiltzen zituen Adriano del Vallek, halako ugari baitzituen bere ongi hornitutako liburutegian. "Litografia erromantikoetatik moztutako hiru edo lau mila piezek osatzen dute nire artxiboa --idatzi zuen- edo hobeto esanda, nire hezurtegia, nire liburuen eskeletomakia osatzen baitute". Gainera, hauxe ere onartu zuen: "La Nature, L'Illustration eta Julio Verneren edizioetarako, litografiako pipia bezala dira nire guraizeak".

Zehaztasun handiz eginak, pieza guztietan nagusitzen dira absurdoa, ustekabekoa eta kezkagarria. Museoko obran, alkoholaren abstinentzia sindromeak eragiten duen aldarnioa aipagai duen latinezko lokuzioa jasotzen du haren izenburuak -delirium tremens-, Del Vallek trenbide bat gogora ekar dakigukeen espazio batean (ikuspegi tradizionala deuseztatua dago hartan) ezarri ditu elementu batzuk, irudipen moduko elementuak dira, intsektuak batik bat; haien mehatxuaz batere jabetu gabe, goi ezker aldean lotan daude adin txikiko bi haur; haien eskuinaldean, berriz, hari baten gainean lau oinean ibiliko balitz bezala, pertsona heldu batek ihes egin nahi duela ematen du. Bere gainerako collageetan gertatzen den bezala, Max Ernst-enekin lotura garbia baino gehiago antzeman daiteke honetan. Bere garaian Del Vallek berak onartu zuen artista alemaniar harekiko zuen mirespena, eta bere liburutegian bazituen Ernst-en funtsezko bi obren ale batzuk, La femme 100 têtes (1929) eta Rêve d'une petite fille qui voulut entrer au Carmel (1930), hain zuzen ere. Haren antzera, collageen liburu bat proiektatzera iritsi zen, Sesamo, ireki zaitez izenekoa. (Miriam Alzuri, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 264-267, n° cat. 108.
  • Tagtraume Nachtgedanken : Phantasie aund Phantastik in Graphik und Photografie [Cat. exp.]. Nürnberg, Germanischen Nationalmuseums, 2012. pp. 184-185, 275, n° cat. 88.
  • Surrealistas antes del surrealismo : la fantasía y lo fantástico en la estampa, el dibujo y la fotografía [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Juan March, 2013. pp. 194, 298, n° cat. 96.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 276, 281, n° cat. 159.