Carmen Gaminde de Hurtadoren erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Carmen Gaminde de Hurtadoren erretratua

Egusquiza, Rogelio de

Santander, 1845/07/20-Madril, 1915/02/10

Olioa mihisean

118,3 x 63,3 cm

Egusquiza (ezkerreko goi-angelua)

1881

02/253

Sofía Icíar Aldecoa Mariscal andrearen dohaintza 2002an

Rogelio de Egusquizaren ekoizpen garrantzitsuena Wagnerren munduarekin loturik dagoena bada ere, haren jatorri piktorikoak aldiz, Parisen Bigarren Inperio frantsesaren garaian (1852-1870) nagusi izan zen genero pinturari atxikita daude. Pintura hark, 1860ko hamarkadan bereziki, Frantzian goraldi handia izan zuen, garai hartan zeuden gainerako arte joeren aurrean, hala Areto Ofizialetan nola arte kritikan, eta baita arte merkatuan ere, burgesia izanik hartzaile nagusia.

Birtuositate tekniko handiz eta formatu txikian landuak, era horretako irudikapen ugari egin zituen Egusquizak 1880. hamarkada bitarte, burgesek erakutsi zuten garaiko garrantzirik gabeko eszenaratzeekiko gustu berriarekin lotuak eta, bere kasuan, Atlantikoaren bi aldeetan arte nahiz gizarte mailetan ospe handia izateko balio izan zioten. Era honetako obrekin loturik, aipatzekoa da 1878. urtean Parisko Erakusketa Unibertsalean aurkeztutakoa, Kontzertua familian (Bilduma partikularra) edo 1885. urtean egindakoa, Gau bat Venezian. Azken obra horrek erakusten du jada garai hartarako Egusquizak, hainbat aldiz bildua baitzen Wagnerrekin eta musikagile alemaniarraren mundu ikonografikoan girotutako konposizio batzuk eginak baitzituen, lantzen zuela pintura kostunbrista eta anekdotikoaren alderdia, zapore argi eta garbi burgesekoa, bere errepertorioan.

Egusquizak, Léon Bonnaten (1833-1922) ondoan izan zuen prestakuntzagatik, eta burgesiaren aldetik jaso zituen enkarguengatik, erretratu ugari egin zituen eraginkorki, haietako asko Beruetek jasoak, eta egile bikaintzat har liteke genero horretan. Horren harira, Carmen Gaminde de Hurtadoren erretratu honetan, 1881. urtean egina, jada nabari da halako aztarna sinboliko bat, Egusquizak handik aurrera kartsuki landu zuena, hieratismoa, begirada galdua, edo hondo neutroak. Ezaugarri horiek baditu 1908. urtean egin zuen obrak ere, Elsa de Lohengrin Bartzelonan abesten (Caja Cantabriaren bilduma). Bestalde, obra honek nabari dituen eraginek urrundu egiten dute Bigarren Inperioko aparatu-erretraturako ezarritako konbentzionalismo guztietatik, Egusquizak berak landu zuena, eta beren erretratuetan maisutza handiz aplikatu zutena, esate baterako, Carolus-Duranek (1837-1917) edo Léon Bonnatek, margolari kantabriarraren maisu izana, eta garai hartako erretratuaren ordezkari handienetako bat.

Hala ere, Egusquizak pintura preziosistaren ezaugarri ugari mantendu zituen obra honetan, eta pintura molde hura biziki landu zuen urte hartan Emakumeak barrualde batean (1881) eta Neska gazte ederra (1881) bezalako obretan. Haietan birtuositate teknikoa antzematen da bereziki kalitate materikoetan, eta kolore gozo eta burgestuak erretratutakoaren jantziaren arrosetan eta urdinetan. Honi dagokionean, erretratuak bikotea egiten zuen Ricardo Gaminderen beste batekin, biak Frantzian bizi zirenak, eta herrialde hartan, Berueteren arabera, irudikatuak izan ziren biak. (Javier Novo)

Bibliografia hautatuta

  • Beruete y Moret, Aureliano de. Rogelio de Egusquiza : pintor y grabador. Madrid, Blass y Cia, 1918. p. 45. (Con el título Retrato de la señorita de Gaminde).
  • De Goya a Gauguin : el siglo XIX en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2008. pp. 335-337, n° cat. 65.
  • Viar Olloqui, Javier. Pacho Gaminde, la sombra de Sócrates. Bilbao, Muelle de Uribitarte, 2009. pp.75-76.
  • El espíritu de una época : Boldini y la pintura española a finales del siglo XIX [Cat. exp.]. Madrid, Fundación Mapfre, 2019. pp. 60, 76, 250-251, n° cat. 62.