Carlos de Haesen erretratua - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Carlos de Haesen erretratua

Suárez Llanos, Ignacio

Gijón (Asturias), 1830/06/30 - Madril, 1881/01/18

Akuafortea paperean

31,5 x 22,5 cm (papera) 11,2 x 9,2 cm (orbana)

Sr. Llanos (ezkerreko behealdea)

c. 1860-1866

82/785

Moreraren alargun Felisa Alday andrearen dohaintza 1952an

Ia grabaturik landu ez zuen margolari handia izan zen Suárez Llanos, batik bat erretratugile aparta izan zen. Egile honek landutako grabatu urriak estu lotuta zeuden aldizkarietarako ilustrazio lanekin -horien artean 1856ko apirilaren 20an El Semanario Pintoresco Español astekarian argitaratutako xilografia bat, José Grajena eskultoreak landutako Mendizabalen Estatua irudikatzen zuena- eta bereziki El Arte en España aldizkariarentzat landu zituen lau grabatuekin. 1862 eta 1869 bitartean argitaratua, argitalpen horren fundazio urtean bazkide eta kolaboratzaile izateaz gain, zuzendaritza batzordeko kidea izan zen besteak beste Carlos de Haes, Francisco Sans eta Víctor Manzanorekin batean.

Lehen urte hartan Antonio del Castilloren buruaren estudio batzuk faksimile baten erara birsortzen zuen litografia bat landu zuen, baita egileak berak Alonso Berrugueteren marrazki batetik abiatuta marraztutako eta litografiatutako beste faksimile bat ere eta Suárez Llanosek berak sortutako Ave Maria Purisima izenburuko akuafortea, kofesategi bateko eszena irudikatzen duena. 1865. urtean Italiatik itzuli zenean, soilik 1866ko uztaileko zenbakian egin zituen kolaborazio lanak Suárez Llanosek. Ordu hartan Víctor Manzano Mejorada margolari eta lagun zendu berriaren erretratua landu zuen akuafortearen teknikarekin. Erretratu hori bien arteko adiskidetasuna erakusteko landuko zuen, Manzanoren alargunak urte hartan bertan zenduaren margolan ospetsuenari (Antonio Pérezen familia) zegokion zirriborroa oparitu baitzion Suárez Llanosi.

Carlos de Haes (1826-1898) margolariaren erretratu honi dagokionez, berau lantzeko arrazoia zehazteko aukera ematen ez duten bereizgarri ugari daude. Esate baterako, alde batetik Suárez Llanosek ez zituen grabatzaile gisa lan asko egin, eta bestetik artistak monogramatua denez, berak sinatua denez eta Haesi dedikatua denez, irudiaren botozko izaeran pentsa liteke. Hala eta guztiz ere, erretratugile aparta baitzen, ez da ulertzen zergatik landu zuen erretratu hau argazki batetik abiaturik, Haesen bustoa baizik ez baitu erakusten 1899ko maiatzaren 8an kaleratutako La Ilustración Española y Americana argitalpenaren arabera 1860. urtean eginda den argazkiak.

Obra egin zeneko datak ere galdera batzuk planteatzen ditu. Bi artistak 1850eko hamarraldiaren amaieran lagunak ziren arren eta 1860an biak Parisen bazeuden ere, kontuan izanik Suárez Llanosen grabatuak erregistratu ziren urteak eta, bereziki, argazkia egin zeneko data, esan dezagun segur asko 1860 eta 1866 urte bitartean grabatuko zuela egileak erretratu hau. Hain zuzen ere urte horietan landu zituen Haesek grabatu asko eta asko, tartean Akuafortearen teknikaren bidezko grabatu saioak seriea (1863). Museoak serie horren kopia bat du; grabatu hau bezala, Haesen jarraitzaile maiteenetakoa zen eta haren testamentuaren betearazlea zen Jaime Morera margolariaren alargunak eman zuen.

Beste daturik izan ezean, ba ote liteke Suárez Llanosek egindako grabatu lan gutxi horiek Carlos de Haesen laguntzarekin burutu izana? eta, agian esker onaren erakusgarri izan nahi ote zuen grabatu honek? (Javier Novo)

Bibliografia hautatuta

  • Gutiérrez Márquez, Ana. Carlos de Haes : dibujos y grabados : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2006. pp. 42-43, n° cat. 1.
  • Gutiérrez Márquez, Ana. Carlos de Haes : dibuixos i gravats : col-lecció Museu de Belles Arts de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 42-43, n° cat. 1.
  • Dibujos, grabados y acuarelas [del] siglo XIX : de Goya a Benlliure : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. pp. 116-119, n° cat. 232.
  • Pinturas traducidas : el grabado de reproducción en el Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 37, 63, 98, n° cat. 14.