Bilbao / côte / basque / 1933 / 28-30th august ... out-boards /2º tourist-trophy / organized by / Peña Motorista Vizcaya - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Bilbao / côte / basque / 1933 / 28-30th august … out-boards /2º tourist-trophy / organized by / Peña Motorista Vizcaya

Guezala y Ayrivié, Antonio de Lit. Jesús Álvarez. - Bilbao

Bilbao, 11/06/1889-Bilbao, 13/09/1956 Valentzia

Koloretako litografia paperean

98 x 70 cm

A de Guezala (eskunieko behe erdialdea)

1933

06/362

2006an eskuratua

Pilotuaren irudiaren nagusitasuna eta abiadura sentsazioa, Luis Lasheras Madinabeitiak erabili zituen baliabideak, Antonio de Guezalak (1889-1956) ere erabili zituen Bilbon 1933. urtean egin zen 2. Tourist-Trophy espainiarra iragarri zuen kartelean. Aurreko edizioan bezala, Bizkaiko Motorzaleen Elkarteak bultzatu zuen ekitaldi hura, eta motoziklisten txapelketaz gainera, outboard lehiaketa ere antolatu zen. Izan ere, kartel honetan Gezala oso argia da egiturari eta edukiari dagokienean, bi atal ikonografiko ondo bereiziak erakusten baititu.

Goiko erdian pilotu bat ageri da eta haren atzean itsas paisaia ikus daiteke, karelez kanpokoen estropadei aipu egiteko argi eta garbi; beheko erdian, berriz, tourist-trophy sinbolizatzen du motoziklistak. Abuztuaren 28 eta 30 artean egin zen outboarden lehiaketa eta eragin mediatiko handi samarra izan zuen. Tokiko egunkariez gainera, nazio mailako egunkari batzuek ere, ABC, La Vanguardia, Luz edo Madrilgo Heraldo egunkariak, esate baterako, egin zuten itsasadarrean hainbat egunez ospatu ziren proba haien jarraipena. Ricardo Soriano y Scholtz von Hermensdorff (Salamanca, 1883 - Marbella, 1973) ingeniari polifazetikoa izan zen estropada haien irabazlea, eta haren atzetik Carlo Casallini italiarra eta Jean Dupuy pilotu frantsesa. Bi lehen estropadalarien noblezia tituluek argi erakusten dute izaera elitista zutela txapelketa haiek, eta oso ospetsuak ziren gainera.

Irailaren 8 eta 10 artean egin zen 1933ko tourist trophy lehiaketa, eta erabat finkatuta geratu zen Gerra Zibila hasi zen arte urtero egin zen proba hura. Nazioarte mailako pilotu garrantzitsuenetako batzuk hartu zuten parte edizio hartan, honako hauek, besteak beste: Guthrie (Hawick, Eskozia 1897 - Chemnitz, Alemania 1937), txapelketaren irabazlea izan zena, Ernst Loof (Neindorf, Alemania 1907 - 1956) edo Guglielmo Sandri (Bolonia, Italia 1906 - 1961). Era berean, nazioarteko izaera ematen dio ingelesez ageri den testuak, eta atzerriko turismoa erakartzeko deia ere izan liteke hori. Basurto-Kastrexana zirkuituan egin zen lehiaketa, baina hurrengo urtean, besteak beste, María Díaz de Haro kalea hartzen zuen hiri trazaketak hartu zuen gune hura.

Bere ekoizpen grafikoaren kalitatearen adibide bikaintzat har daiteke Guezalaren kartel hau, baina pieza berezia da gainera, gerraondoko Espainiako kartelismoan ez baitago gai hau lantzen duen afixa adibide askorik. Interesgarrienetako batzuk Euskal Herrian egin ziren, Guezalaren hau, edo lehen aipaturiko Luis Lasheras Madinabeitiarena edo José María de Asúa Pisarrínena, esate baterako. Haietan guztietan argi geratu zen mugimendua hautemateko interesa zutela artistek, abangoardiekin loturiko mintzaira baten bidez. Sortzaile honek kubismoa edo futurismoa bezalako mugimendu garrantzitsuekiko duen zorraren erakusgarri dira paisaiaren eta irudien irudikapenean antzematen den sintetismoa, eta pilotuen buruen atzean ageri diren airearen eta uraren lorratzetan nabari den bizitasuna. Baliabide horietako batzuk erabiltzen jarraitu zuten hainbat hamarkadatan, berrogeigarren edo berrogeita hamargarren hamarkadetako adibide batzuetan ikus daitekeen bezala, esate baterako, Josep Morell-ek egin zuena 1946. urtean Montjuich zirkuituan egindako Bartzelonako Nazioarteko 5. Sari Handia iragartzeko, edo Klokien-ek sortu zuena 1950eko Cadizeko VI. Sari Handirako, edo Miguel Martínez Verchilik (Castellón 1898-1989) marraztu zuena Valentziako VI. Sarirako. (Mikel Bilbao, 2011)

Bibliografia hautatuta

  • Mur Pastor, Pilar. Antonio de Guezala y Ayvrie, 1889-1956 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1991. pp. 126-184.
  • Novecentismo y Vanguardia, 1910-1936 : en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 230-231, n° cat. 69.
  • Bilbao Salsidua, Mikel. Euskal kartelak 1902-1971 Carteles vascos. Gernika, Euskal Herria Museoa, 2012. p. 21.
  • Mensajes desde la pared : carteles en la colección del Museo de Bellas Artes de Bilbao, 1886-1975 [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2015. pp. 234, 235, n° cat. 112.
  • Bilboko Museoaren alfabetoa = El alfabeto del Museo de Bilbao = The alphabet of the Bilbao Museum = L'alphabet du Musée de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018. pp. 155, 161, n° cat. 81.
  • Adquisiciones 02/07 [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2007. p. 156, n° cat. 75.