Aste Santuko prozesioa Oñatin - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Aste Santuko prozesioa Oñatin

Myrbach-Rheinfeld, Felician von, Barón

Zaleszycki, Ukrania, 1853/02/19-Klagenfurt, Austria, 1940/01/14

Akuarela paperean

62,6 x 46,1 cm

Myrbach (eskuineko beheko angelua)

c. 1917-1922

02/1

Rosa María de Gaztañaga Gorbea andrearen legatua 2002an

"Guk ez dugu gogoan --idatzi zuen El Nervión egunkarian Ángel Ugarte Revenga olerkariak 1919. urtean Myrbach baroiak Bilboko Delclaux aretoan aurkeztu zuen obra multzo handia zela eta-, herriko tipoak hain leial behatu dituen beste artista atzerritarrik, gure hiribilduko aretoetatik igaro direnek ez behintzat".

Bilbo artearen alorrean garatzen hasia zen urte haietan arte erakusketak egiten ziren, eta lehen urratsak egiten hasi zen pintura eta eskultura garaikideen bildumazaletasuna ere. Urte haietan Penintsulan babesa hartu zuten artista ugari haietako bat izan zen Myrbach, Bilbora hurbildu baitzen bere lanean zortea zuen ikustera. Aurrez Europan arrakasta izan ondoren, eta denboraldi batez Bartzelonan lan egin eta gero, 1917. urtean Algortan jarri zen bizitzen, eta han, hogeigarren urteen hasiera bitarte, bezero ugari izatea lortu zuen. Haiek leialtasun handiz jarraitu zituzten margolariak egin zituen bere obren aurkezpen publikoak, batik bat akuarelak eta litografiak, tokiko prentsan puntualki aipatzen zirenak.

Teknika bikaina eta oso gai komertzialak zituen Myrbach-en obraren aurka altxatu zen ahots kritiko bakarra Estanislao María de Aguirrerena izan zen. Arte Vasco aldizkariko editorea zen hura, Euskal Artisten Elkartearekin lotura zuena, urte haietan hirian arte joera modernoak aurkezten saiatzen zen erakundea. " Delclaux Galeriara itzuli da --adierazi zuen 1920. urtean- Myrbach baroi handia bere ikasle aurreratuaren koadroekin. Pinturaren amateur nekaezina da Myrbach baroia, bidaiatzeko zaletasuna du gainera, eta bere Kodakari ez dio atsedenik ematen. Aisialdian kolorea ematen die errealitate arruntean hartutako bere argazki animatuei. Orain, artista bat baino gehiago, Myrbach baroia psikologo handi bat den honetan, azkar asko konturatu da herriak nolako maitasunez hartzen dituen lurreko gauzak, eta baserritar euskaldun samarrez bete ditu bere koadroak. Bere teknikaren izpiritu komertziala erantsi behar zaio horri, akuarelak egiteko modu erraz eta trebea, eta batere ez gaitu harrituko haren arrakasta ekonomikoak".

Myrbach baroiak Euskal Herrian bizi izan zen urteetan egindako obra ugarietako bat da Museoko akuarela, eta Gipuzkoan egin zuen egonaldian margotuko zuen segur aski. Haren testigantza gorde da Arabako Arte Ederren Museoan ere, Arantzazuko sakanean obra kontserbatu baitu. Myrbach-ek xehetasun handiz eta teknika trebeaz azaltzen du Oñatiko (Gipuzkoa) San Migel Goiaingeruaren elizatik --haren portada barrokoaren zati bat ere ageri da konposizioan- Hileta Santuko prozesioa ateratzen eta segizioa, eskuinean, herriko kaleetan barrena abiatzeko unea. Beirazko kutxa baten barruan, Kristoren irudi etzanak zentratzen du konposizioa; hura bizkarrean daramate kofradeek eta erlijio agintariek, kasulla zuriz jantziak. Nolanahi ere, erlijio ospakizunera joan diren talde sozialei eta gizakiei dagokie eszenaren protagonismoa. (Miriam Alzuri, 2009)

Bibliografia hautatuta

  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 34-37, n° cat. 6.