Arras - Bilboko Arte Ederren Museoaren

Erosi irudia

Arras

Vázquez Díaz, Daniel

Nerva (Huelva), 1882/01/15-Madril, 1969/03/17

Akuafortea paperean

75,8 x 56,3 cm (papera) 49,7 x 47,3 cm (orbana)

D. Vazquez Diaz (eskuineko behe-angeluan)

c. 1915-1917

96/7

Alfonso Zorrilla de Lequerica jaunaren dohaintza 1996an

"Paris triste dago, baina Paris beti da Paris". Daniel Vázquez Díazek hitz horiek esan zizkion bere lagun bereizezinari, Juan Ramón Jiménez idazleari, hiriburu frantsesetik. Frantzian 1914ko abuztuan hasi zen gerra, eta arte kontuari zegokionean, guztiz geldirik zegoen hiria, Leonce Bénédite kritikariak esan zuen bezala: "Museoak itxi egin behar izan zituzten, galeria pribatuak ere bai, ia gizon guztiengan izan zuen eragina mobilizazioak. Eta, lehen momentuetan, soilik frontera zuzenduak zeuden mugimendu guztiak".

Egoera horren aurrean, ez da oso ongi ulertzen Daniel Vázquez Díaz zergatik ez zen betiko Espainiara itzuli, bere anaia Moisesek eta Ezequielek egin zuten bezala, garai hartan haiek ere atzerrian baitzeuden, eta are gehiago, zergatik itzuliko ote zen Parisera 1914ko uda Euskal Herrian igaro ondoren (hain zuzen ere harantz joan baitziren beste margolari batzuk, Robert Delaunay, esate baterako, gerra hasi zenean). Egia dena da margolariak eta bere familiak Frantziatik ez ateratzea erabaki zutela, gatazka militarrak iraun zuen urteetan askoz ere bisita gehiago eta luzeagoak egiten bazituzten ere Penintsulara.

Margolariaren loria handieneko uneak eten zituen gerrak hiriburu frantsesean. Prentsa aspaldidanik ari zen "école espagnole" berri baten ordezkari gisa azaltzen eta urtebete lehenago lortu zuen Zezenketariaren heriotza bere margolana Société Nationale des Beaux Arts elkarteko Aretoan zintzilikatua ikusteko ametsa, eta arrakasta berdina errepikatu zuen 1914ko edizioan ere Idoloak koadroarekin. Margolariak betiko utzia zuen Montmartre eta luxuzko Bréteuil ibilbideko estudio batean egokitu zen. Udaberrian erakusketa arrakastatsu bat egin zuen, Jean Mayodan dekoratzailearekin batera, Boutet de Monvel galerian. Hala eta guztiz ere, setiatua zegoen hirian, Vázquez Díazek beste erakargarri profesional batzuk aurkitu zituen, gerra bera ere, inspirazio arrazoi izango baitzen artistentzat. 1915eko otsailaren hasieratik arte ekimen bat sortu zen eta, prentsa ilustratuaren laguntzarekin (Crapouillot eta L'Horizon bezalako egunkariak), gerraren izugarrikeria erakutsi nahi izan zuen artearen bidez. Artista askok egin zuten bat ekimen harekin, besteak beste, Vázquez Díazek, eta bidaia egin zuten frontera. Proiektu bat bultzatu zuten, "Les Missions de peintres aux Armées" eta, Albert Dalimer-en zuzendaritzapean eta Estatu frantsesaren laguntzarekin, zenbait artista talde bidali zituzten, guztiz ondo antolatuak, puntu estrategiko batzuetara. Horren inguruan, hauxe gogoratzen zuen Bénéditek: "Hiribildu martirien: Reims, Soisson, Ypres edo Verdun, fisonomia mingarria erreproduzitzeaz eta kontserbatzeaz arduratu behar zuten zenbait artistak, gero teutoien basakeriaren testigantza eman ahal izateko; beste batzuek armada honen ala bestearen frontera joan behar izan zuten, iparraldera, Champagnera edo Alsaziara; beste batzuen lana zen atzeragoardiako ikuskizunak, hornikuntza zerbitzuak edo osasun zerbitzuak margotzea; beste batzuk, berriz, itsas portu militarretara bidali zituzten eta baita fabrika fantastiko eta zorigaiztoko haietara ere, egun eta gau, etenik gabe, lan egin behar zen fabrikak, gerrako materialaren eta guztia suntsitzeko jaurtigaien ekoizpen izugarri hura mantentzeko". H. Valentino, Estatuko arte lanen dibisioko buruak zuzendutako batzorde batek gainbegiratzen zuen Estatuko Idazkariordeak ezarritako programa. Lortu nahi zen helburua zen "garai ahantzezin baten irudia etorkizunerako kontserbatzea, artisten begien eta buruen arabera ikusia, gerra betean haien jarduera bizkortu egin baitzen eta inspirazioa sortu baitzitzaien, tailer hutsetako bizitza eta lana suspertuz". Azken obra osoa 1917. urtean erakutsi zen Pariseko Arte Modernoko Museoan.

Azkenean, "gerrako artea" egiazko protagonista izatera iritsi zen gerra bukatu eta berehala Parisen egin ziren erakusketetan. 1919ko Salon des Artistes Français erakusketan izugarrizko arrakasta izan zuten Henri Marret-ek aurkeztu zituen Verdun hiriko ikuspegi dramatikoek, eta urte bereko Salon d'Automne erakusketan, berriz, beste guztien gainetik nabarmendu egin zen Maurice Denis-en La Batterie lana.

Era horretako obren erakusketen aurrean, belaunaldiko estilo aldaketa gertatzen ari zela egiaztatu behar izan zuten kritikari frantsesek. M. D. Strohl-ek, Les Arts argitalpenaren orrialdeetatik, honako galdera hauek egiten zizkion bere buruari: "Gerrak urritu ala berotu egin ote du aiurria? Zein eragin izango du artearen etorkizuneko orientabidean?" --eta galdera horiei berak erantzun zien esanez, ezinbestean, gerra puntu eta aparte izango dela artearentzat: "Abangoardiako Artea, eta gerra ondoko Artea, izango dira, inolako zalantzarik gabe".

Madrilgo artxibo partikular batean Vázquez Díazen krokisen album bat aurkitu izanak esan nahi du proiektuaren arduradunekin harremana izan zuela margolariak, Gerra Kontseiluko Presidentearen aipamena egiten baita bertan. Prentsan ordea ez dugu haren izenik aurkitu. Aldiz, Vázquez Díazek askotan adierazi zuen Reims, Verdun eta Arraseko fronteetara joan zela Antoine Bourdelle eskultorearekin batera (haren gerrako marrazki ugari kontserbatu dira halaber), eta guri marrazki sail bikaina iritsi zaigu, akuaforte batzuk, Hiri martiriak izenburuarekin, eta beste hiru litografia sail Oinazea, Amak eta Heroiak izenburuekin.

1906. urtean Parisen bizitzen jarri baino lehenagotik ere, Daniel Vázquez Díazek zaletasun handia erakutsi zuen arte argitalpenarekiko. Gerrako marrazki pila haiek, gero xafla bilakatu zirenak, eta azkenean, grabatu eta litografia bihurtu zirenak, hiriburu frantseseko litografia tailer batean landu ziren Juan Gabriel Domergerekin. "Ni lan handia egiten ari naiz -idatzi zion margolariak Juan Ramón Jiménezi 1915eko abenduan-, laster bukatuko dut gerrari buruzko estanpen saila, Parisen argitaratzen ari dena. Ehun bat ale gordeko ditut Espainiarako".

1917. urtean Vázquez Díazek gerrari buruzko lau marrazkirekin hartu zuen parte Paristik urtarrilaren 4an Madrilgo Montijo Jauregian inauguratu zen legionario espainiarren aldeko arte erakusketan. Baina, besteak beste, Arras-Reims-Verdun triptikoa eta Gerrari buruzko iritziak lanak Erakusketa Nazionalera bidali ondoren iritsi zitzaion aukera handiena, Hirugarren Motako Domina irabazi baitzuen grabatuen mailan. Handik urtebetera, Los Aliados izeneko aldizkari sortu berriko orriak ilustratu zituen sail horrek.

Bilboko Arte Ederren Museoan kontserbatu diren Arras, Verdun eta Reims akuaforteak Hiri martiriak sailekoak dira, frantsesek hala deitu nahi izan baitzieten hiru hiri horiei gerraren ondoren. Haietan ez dago garailerik, biktimen oinazea eta sufrimendua besterik ez; hirien suntsipena, Europaren hondamendia. Lan horiekin erregistro berri bat erakusten digu margolariak, orain arte ezezaguna zena, hauxe da, erregistro tragikoa, eta lehenbiziko aldiz patetikoaren mailara iritsi da irudi horiekin. Oso ongi pentsatutako konposizioarekin eta teknika trebetasunez erabiliz, dramatismo izugarria lortu du Vázquez Díazek, batzuetan espresionismoaren mugetara iristen dena. "Izugarrizko bertikaltasuna du marrazkiak -oihukatu zuen José Francés kritikari espainiarrak haien aurrean-; nahita egindako gogortasunak nabari dira argi-ilunean, kontraste rembraneskoak gogora ekartzen dizkigutenak. Xehetasun bakar batek ere ez du konpentsatzen hiriaren ahitze izugarri hori (...). Artistak ez du mingostasun eta sumindura xehetasun bakar bat ere barkatu nahi izan". (Ana Berruguete)

Bibliografia hautatuta

  • Daniel Vázquez Díaz, 1882-1969 [Cat. exp.]. Madrid ; Bilbao, Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía ; Bilboko Arte Ederren Museoa-Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2004. p. 232.
  • Últimas décadas del siglo XIX-primera mitad del siglo XX : de Cézanne a Léger : colección Museo de Bellas Artes de Bilbao [Cat. exp.]. Bilbao, Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2009. pp. 182-186, n° cat. 70.
  • Berruguete, Ana. Daniel Vázquez Díaz, entre tradición y vanguardia [Tesis doctoral]. Madrid, Universidad Complutense, 2015. pp. 125-126, 148, 154, 431, 545, 559-560, 562, il.